Larunbateko EEU jarduerak:
- 11.30 Urdinak berde gainean dokumentala Basteroko Auditorioan.
- 12.30 Emakumezko beteranoen futbol partida Ubitarten.
- 14.30 EEU bazkari herrikoia. Aita Larramendi Ikastolako frontoi estalian.
Mendeurreneko ekitaldi gorena, aurreko larunbatean
Euskalduna futbol taldea osatzen duten eragile guztiek ospakizun handia egin zuten Basteron, joan den larunbatean. Klubaren ehun urteko historian makina bat gertakizun gogoratu zituzten, eta baita horiek posible egin dituzten pertsonak ere
Presidenteak, entrenatzaileak, jokalariak, zaletuak… Esker ona adierazteko aitormen ekitaldia izan zen, Jone LarraÒagak eta Marta Elvirak aurkeztu zuten ospakizun ekitaldi bizi-bizian barrena. Aitor Mendiluzek eman zion hasiera, bertso sorta kantatuz; Imanol Iribarrenen piano hotsa izan zuen bidelagun horretarako. Ondoren, aurkezleek hainbat futbol eragileekin solasaldi txikiak egin zituzten: Salba Parada egungo presidentea, Alex Uranga Realeko ordezkaria, Jose Mari Soto Gipuzkoako federazioko ordezkaria, Mari Jose Telleria Aldundiko Kultura eta Kirol diputatua eta Maider Lainez Andoaingo Alkatea. Ubitarten mendeurrena goraipatzeko eskultura zutitu duen Joxe Ramon Amondarain artistak eta hitza hartzeko parada eduki zuten.
Mendean barrena Etxeberrietako zelaian zaildu ziren hainbat futbolari handi (Izagirre, Unanue, Langara, Arrieta, Etxebeste, Aizpurua, Etxarri, Arberas, Mendiluze, Artola anaiak, Irulegi, Marigil…) gogoan hartu zituzten, eta klubaren historian lan eta lan jardundako bi pertsonei, Bixente Huizi (Jon Huizi semea igo zen oholtzara) eta Juan Luis Anton Bixkai-ri oroigarri bana eman zizkien.
Aipamen berezia jaso zuten, aldi berean, jokalari, entrenatzaile eta presidente izandako Joxe Ramon Bengoetxeak, zuzendaritza urte gehien (20 urte) egin dituen Ramon Iriartek, gizonezkoetan partida gehien (315) jokatu duen Ander Lopezek, emakumezkoetan norgehiagoka gehien (87) jokatu duen Leire Mosquerok, minuturik gehien jokatu duen Jose Inazio Garmendiak, areto futbolean partida gehien jokatu duen Maikel Fernandezek, gizonezkoetan denboraldi gehien (14) entrenatu dituen Ramon Ruizek, emakumezkoetan denboraldi gehien (5) entrenatu dituen Maite Urruzunok, gizonezkoetan denboraldi gehien entrenatu dituen Ramon Ruizek, areto futbolean entrenatzaile gisa luzeen aritutako Joxe Mari Uzkudunek, eta, azkenik, Emilio Lekuona eta Matilde Alvarez bazkide beteranoek. Noiz edo noiz, presidente izandakoei ere (Ramon Gantzarainekin hasi eta Salba Parada bitarte) merezimenduzko aitormena egin zitzaien, ekitaldian. Ospakizun handiari amaiera emateko, gonbidatuak eta aparteko aitormena jaso zutenak oholtzara igo ziren, eta denek, elkarrekin, ereserki berria abestu zuten, bere egile diren Aitor Mendiluze, Imanol Iribarren eta Mikel Morenorekin batera.