Atzera jauzia, Amaiurko gazteluari begira

Alba Cabrera Jauregi 2023ko mai. 14a, 09:08

“Amaiur! Libera State” nobela grafikoa aurkeztuko du Asisko Urmenetak, maiatzaren 18an Andoaingo Peña Santa Krutz elkartean.

“Amaiur! Libera State” nobela grafikoa aurkeztuko du Urmenetak, maiatzaren 18an, Peña Santa Krutz elkartean, Amaiurko guduaren bost mendeko urteurrenean. 19:00tan hasiko da hitzordua.

Amaiurko Gaztelu elkartearen eskakizunez, denbora-lerroan, atzera egiteko ariketa proposatzen du sortzaileak bere azken obran. Amaiurko gazteluan kokatzen du kontakizuna, bertan izandako gudutik, hain justu ere, bost mende igaro direnean.

Komiki formatuan aurkeztu du Euskal Herriko historian mugarri izan zen gertakizuna. Horretarako, dokumentazio historikoa nahiz grafikoa pilatu du, baita bildutako informazio hori guztia aletu ere, era garbian eta ulerkorrean, irakurlearen esku uzteko. Modu horretan, Amaiurko gazteluaren setioaren kronologian eta horren aurrean egindako erresistentzia “epikoan” ipini du begirada sortzaile nafarrak, 1512urtetik 1522urtera bitartean. Hariari tira eginda, besteak beste, Jakue Belatz Medrano, Maria Hozta, Johanes Arremiritz Bakedao eta Johanikot Arberoaren adierazpenak biltzen ditu istorioak.

Historia irudi bidez erretratatzea du gustuko Urmenetak; iraganeko kontakizunak jorratzen ditu bere binetetan nahiz ilustrazaioetan, betiere mezu politiko batekin, zer hausnartua emateko: “Dokumentazio ugari aztertu eta destilatu egin dugu, eta, orain, herriari eskaini, baliagarri izanen zaiolakoan bost mende bete diren honetan. Amaiur, euskaldunon zoru epikoa”.

Manuel Larramendi Kultur Bazkunak antolatu du ekitaldia, Aiurriren laguntzarekin. Sarrera doakoa da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!