Larruzko paletan alde handiagatik galdu zuten andoaindarrek. Partida zaila aurreikusten zen, izan ere, Pichel palista ezagunaren aurka jokatu zuten; abiadura eta bizitasun handiko zartadak ematen ditu eta, gainera, teknikoki maila oso altua duen palista da. Iñaki Lopez de Munainek lan handia egin zuen, eta emaitzak erakusten ez duen arren, partida ona jokatu zuen Koldo Poncerekin batera. Une oro, aurkariak gainditu bazituen ere, defentsa sendoa erakutsi zuten Pichel ahalguztidunaren aurrean. Mateo Ponce: "Sakatzerakoan konfiantzak huts egin zigun; nabari zen pala motzetik gentozela eta ez genuen sakearekin asmatzea lortu".
Pala motzean, berriz, emaitza bestelakoa izan zen, garaipen argia eskuratu baitzuten (40-18). Altuna eta Iradi gogo handiarekin kantxaratu ziren, eta hasiera batean galtzen hasi ziren arren, segituan hartu zioten neurria partidari. Iradik bikain sakatu zuen, altura handiarekin eta hormara gerturatuta. Bestetik, Altunak berebiziko partida jokatu zuen, pilotakada indartsuak joz eta ondo enpalatuz.