LABA Gravel topaketaren bigarren edizioa, larunbat honetan Andoainen

Xabier Lasa 2023ko mai. 19a, 07:09

Gravel Topaketaren 2.edizioa antolatu dute larunbat honetarako, Andoainen. Bizikletan ibiltzeko estilo berri honen zaletuei bi proba jarri dizkiete aukeran aurten: Laba 270 km eta Laba 110 km. Hazten doan kirol jarduera da.

Gravel Topaketaren bigarrengo edizioa antolatu dute larunbat honetarako, Andoainen. Bizikletan ibiltzeko estilo berri honen zaletuei bi proba jarri dizkiete aukeran aurten: Laba 270 km eta Laba 110 km. Modalitate hori hazten doan bezalatsu ari da hazten Andoaingo Laba topaketa, baina auzolanean jarduten duten antolatzaileek ez diote lehiaren filosofia itsatsi nahi.

Talde antolatzaileko bi kideek, Nekane Goikoetxeak eta Igor Otaegik eman dituzte topaketaren gaineko xehetasunak. Azaldu dutenez, goizeko 05:00etan irtengo dira lehen saiokoak; ordu erdi lehenago, 04:30ean, Arruti gozotegian kafea hartzeko aukera edukiko dute. 05:00etan Leitzaran aldera abiatuko dira. Laba 110 km-ko parte-hartzaileek, berriz, 10:00etan irtengo dira.

Ez da erraza kalkulatzen zenbat ordu beharko duten ibilbide osoa egiteko, baina gutxi gora beherako estimazioak eginak dituzte, Otaegik argitu duenez: “Laba luzean, baten batek 13-14 orduetan egin dezake, baina orokorrean, 16, 17 edo 18 ordu beharko dituzte. Horrela, bi probetako parte-hartzaileak nahasita azaldu daitezkeela uste dugu”.

Leitzaran bailaran barrena abiatu, eta honako lekuetatik igaroko dira parte-hartzaileak:

  • Laba 270 km: Leitza, Ezkurrako gaina (Basakabi), Goizueta, Gurutzeko kaskoa, Artikutza, Bianditz, Lesaka, Doneztebe, Artze, Labeaga, Latasa, Madoz, San Miel, Igaratza, Lekunberri, Andoain.
  • Laba 110 km: Leitza, Kornieta, Beruete, Latasa, Uitzi, Andoain.

Zumea plazako helmugan karpa ipiniko dute, eta bertan festa txikia antolatuko dute, parte-hartzaileei merezi duten ongietorria emateko. Halaber, gonbite berezia zabaldu nahi izan dute antolatzaileek, “Gravel estilo honek jakinmina pizten dien pertsonei mezua zabaldu nahi genieke, hurbil daitezen eta mundu hau gertutik ikus dezaten, kirolarien profila, erabiltzen dituzten bizikletak, materiala, osagaiak…”.

Berrikuntzak, iazko ediziotik

Bigarren proba sortzea izan da berrikuntza nagusia, Goikoetxeak zehaztu duenez, “Gravelaren zaletuei eskaintza zabaltzeko, eta besteak beste, emakumeen parte-hartzea errazteko erabaki dugu holaxe egitea, bigarrengo edizio honetan”. Bestalde, ibilbidea, zerbait aldatu dutela adierazi du Otaegik: “iaz zenbait herri eta zibilizazio-gune (Hondarribia, batez ere) zeharkatu zituen ibilbideak, eta Gravel filosofiarekin ahalik eta zorrotzen jokatu nahi dugunez, errepide zati hori saihestu nahi izan dugu”.

Gogoan izan behar da zein den topaketaren LABA izenburuaren jatorria: zeharkatuko dituen lau bailara edo parke naturalen izenekin osatutako akronimoa da, hots, Leitzaran, Artikutza, Bidasoa eta Aralar.

Gravel, goraka doan modalitatea

Nahiko berria da bizikletan ibiltzeko Gravel estilo edo filosofia, eta ez dago soberan gogoraraztea berarekin dituen zenbait printzipio edo balio: abenturazaletasuna, buruaskitasuna, erronka pertsonala, tokian tokiko natura nahiz giza-inguruaz gozatzea… Nortzuk diren bere praktikatzaileak jakiteak ere, erraztu dezake bere ezagutza: alegia, asko eta asko, orain arte behintzat, asfaltoarekin nekatu ostean, naturan barrena pista ahalik eta lauenetatik eta pardel askorik gabe ibiltzea gogoko duten txirrindulariak direla.

Bizikletarekin kirola praktikatzeko modalitate berri samarra da Gravel-a, hazten ari dena urtez urte. Probak eta lehiaketak ere neurri berean ari dira hazten mundu horretan. Bana Andoaingo talde antolatzaileak argi dauka zergatik jaio zen eta zeri eutsi nahi dion, Otaegik gogoratu duen bezala: “Gravel estiloa sustatu nahi dugu, LABA proba Gravel zaleen topagune izan dadila. Ez dugu lehiaketarako jauzia egin nahi. Ohartuta gaude, iaz, urtaro honetan, proba bakarra antolatu zela Euskal Herrian, eta jada aurten, sortu direla lehiaketa batzuk han hemen. Baina ez daukagu dinamika horretan sartzeko asmorik. Gure probaren erakargarritasuna, topaketaren filosofian, zeharkatzen dituen lau paraje naturaletan eta bere gogortasunean datza, eta horri eutsiko diogu”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!