1923 Euskalduna 2023

Euskalduna futbol taldearen "Urdinak" dokumentala, ikusgai dago sarean

Xabier Lasa 2023ko mai. 19a, 14:55

Aurkezpena une batean, Luis Ezeiza jokalari ohia, hil berria, gogoan hartu zutenean, Mari Jose haren alabarekin

Euskaldunaren mende bateko historia 37 minututan kontatzen duen Urdinak. Berde gainean. 100 urte dokumentala aurkeztu zuten Basteron, joan den larunbatean. Jada youtuben ikusgai dago, euskarazko nahiz gaztelaniazko bertsioetan.

Aise ikusten den eta bihotzak hunkitzea lortzen duen 37 minutuko dokumentalean barrena, Euskalduna klubaren mende bateko historian gakoak izan diren hainbat pasarte deskribatzen dira. Narratzaileak ez ezik, makina bat testigantza emailek (Euskaldunako jokalariak, zuzendaritza kideak, zaletuak…) hartzen dute eginkizun hori bere gain, txandaka: Pako Agirre, Luis Ezeiza, Juan Mari Velasco, Agustin Artola, Joxe Migel Arregi, Joxe Antonio Irulegi, Juan Inazio Garmendia, Ramon Iriarte, Juan Luis Anton Bixkai, Jaione Alonso, Joxi Gaztañaga, Pedro Irazu Txokolo, Joxe Mari Lopez, Maria Dolores Loidi, Jose Luis Eraso, Jimmy Brosa, Aitor Mendiluze, Conchi Muñoa, Leire Otermin, Olatz eta Gorka Irazu, Ramon Iriarte, Salba Parada…

Horietatik, Luis Ezeiza orain aurretik zendu da, eta dokumentalean aitormen berezia egiten zaio. Gure artetik joandako beste zenbait pertsonek ere aipatzen dira dokumentalean barrena, aparteko arrastoa utzi izanagatik: hala nola, Bernardo Loidi, Bixente Huizi, Ramon Ruiz Ramontxin, Iñaki Gurrutxaga, Joxan Huici…

Maiatzaren 6an Bateron egin zen ospakizun handian oholtzara gurpildun aulkian airoso igo zen Joxe Galparsoro Baldosas-ek urtetan egindako berebiziko lana ere gogoan hartzen du dokumentalak. 

Publizitate-zerbitzuak eskaintzen dituen Sherman Creative Colective enpresa da ikus-entzunezkoaren egilea.

* Euskarazko bertsioa:

 

* Gaztelaniazko bertsioa:

 

Gertakizun handiak eta txikiak, uztartuta

Mintzatzaile guztiek ere, off-eko kontatzailearekin batera, mende bateko historian esanguratsuak izan diren hamaika pasarte handi eta txiki kontatzen dizkigute. Handiak, klubaren sorrera bera, Etxeberrietako zelai ospetsua, 3. mailara igotze historikoa eta ondorengo urrezko garaia, izen handiko jokalariak, Ubitartera igarotzea, emakumeen presentzia zuzendaritzan eta zelaian, gaztetxoen kirol eskola modernoa…

Baina historiako gertakizun handiak ez ezik, baita txikiak ere kontatzen dizkigute protagonistek, era atsegin eta entzungarrian; izan ere, historia bera definitzen duten hainbat istorio eta pasadizo jakingarri eta barregarri gogorarazten dizkigute: Etxeberrietako zelai lokaztua -eta batzuetan kakaztua- eta aldagela xixtrinak, Oria ibaian dutxatze saioak, Loidi taberna mitikoan jokalarien partiduen atariko kopa eta purua hartzeak…   

Nolanahi ere, oroitzapen horien guztien gainetik, bada diskurtso jakin bat 37 minutuko iraupena duen dokumentalean hegaldatzen doana etengabe: izen bat (Euskalduna), hizkuntza bat (euskara), kolore bat (urdina), identitate bat, sentimendu bat (Euskalduna klubarekiko atsekimendua)… Andoaingo herritarrei eta andoaindarrei identitatea eraikitzen laguntzen dieten osagaiak, alegia. Eta horiekin itsatsita doaz, hainbat balio; hala nola, kolektibo bateko kide izatearen harrotasuna, laguntasuna, sakrifizioa, taldekidetasuna, bizikidetasuna...

 

Euskalduna: izen bat, hizkuntza bat

Esan bezala, azpimarragarria da Urdinak dokumentalean klubaren euskal izenaren eskutik euskarak hartzen duen berebiziko garrantzia.

Nolanahi ere, eta garbi eduki arren detaileek mamia ez dutela baliogabetzen, aipatzekoak dira zenbait xehetasun euskal hiztunei batik bat oharkabean pasako ez zaizkienak. Hasteko, maiatzaren 6an Basteron egindako ospakizun-ekitaldi handian dokumentalarekin egin zen aurrerapen txikia, eta, maiatzaren 13an egin zen estreinaldia. Izan ere, bi saio jendetsu eta prestigiotsu horietan, dokumentala ikusteko irrikitan zegoen publikoari gaztelaniazko bertsioa zabaldu baitzitzaion.

Bestalde, deigarria ere egiten da youtuben ikusgai jarri dituzten bi bertsioetan irizpide desberdinak erabili izana hizkuntzen tratamenduari dagokionez. Alegia, gaztelaniazko bertsioan, euskarazko testigantzak gaztelaniazko azpitituluekin datoz; euskarazko bertsioan, ordea, gaztelaniazko testigantzei ez zaie euskarazko azpititulurik jarri.

Halaber, euskal hiztunen belarriari min txikia ematen dio entzuteak “Etxeberrieta” toponimiaren esanahia “Etxe berriak” (05:00 minutuan) dela.

Azkenik, titulua berak eman dezake zer esana: “Urdinak. “Berde gainean. 100 urte”. Alegia, “Berde gainean” erderakada dirudien esapide horrek.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!