1923 Euskalduna 2023

Matilde Alvarez, Euskaldunako ohorezko bazkidea

Xabier Lasa 2023ko mai. 19a, 15:04

Matilde Alvarez Aranconek ohorezko sakea egin zuen Euskalduna-Añorga emakume jokalari ohien partiduan, maiatzaren 13an (bideoa ikusgai, behean). Euskaldunako bazkiderik aintzinakoena da egun, 84 urteko etxeberrietarra. Alvarezek, gaztetan, Etxeberrietako futbol zelaian ezagutu zuen gerora bere senarra izango zen Juan Joxe Aginaga; hain zuzen, Urdinak dokumentalaren kartela nagusian ageri da Aginaga.

Joan Joxe Aginaga da Urdinak dokumentalaren karteleko jokalaria, baloia daramana zelaian.

 

Ohorezkoa bazkideak, ohorezkoa sakea

Urdinak dokumentalaren estreinaldia Basteron ikusi eta gero, bertan bildutako guztiak Ubitartera bertaratu ziren, Euskalduna-Añorga emakume beteranoen neurketarekin gozatzera. Bertan, ohorezko sakea, ohorezko bazkideak, Matilde Alvarez berak egin zuen. Ondoren, Salba Parada klubeko lehendakariak Matilde izena daraman kamixeta oparitu zion.

Euskaldunako bazkiderik zaharrena bere biloba Garazirekin irten zen zelaira, eta une hunkigarria bizitu zuen, harmailetan zegoen jendearen txalo eta keinu maitekorrak jasotzen zituen bitartean.

Matilde Alvarez Soriako Aldealseñor herrixkan jaio zen 1939an, eta gazte zelarik Andoainera etorri behar izan zuen familiarekin batera, bizimodua aurrera atera asmoz. Aitak Algodonera lantokian lanpostua lortu zuen. Matilde Andoainera etorri eta agudo egin zen bertakoa, Etxeberrieta auzokoa. Gazte askoren antzera, Etxeberrietako futbol zelaian pasa zuen gaztaro osoa kasik, eta bertan ezagutu zuen Juan Joxe Aginaga Ganborena, Euskaldunako jubenil mailako jokalaria. Biak maitemindu eta ezkondu egin ziren. Bi seme ekarri zituzten mundura, Juan Jose eta Iñigo.

Matilde Alvarez eta Joan Joxe Aginaga, Etxeberrietako zelaian (Argazkia: Aginaga Alvarez familia)

 

Aginagak Euskaldunan zenbait urte jokatu eta gero, Hernani eta Ordiziako taldeetan aritu zen, hirugarrengo mailan. Iñigo semeak azaldu duenez, aurrelaria zen, eta nahiz eta gorputzez txikia izan, baloiarekin bizkorra behar zuen izan, aurkariari txiri egin eta golak erraz sartzen zituen horietakoa.

Matilde ahal duen guztietan azaltzen da Ubitarteko zelaira, eta azken denboraldian badauka arrazoi bat gehiago, izan ere, Garazi biloba Euskaldunako infantilen mailako taldean jokatzen ari da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!