Lizarkolako kanala irekita, Otietako tunela sei hilabetez itxita

Xabier Lasa 2023ko mai. 23a, 12:35

Larunbateko ekaitza bortitzak Leitzarango bailaran lubizi ugari eragin zituen, eta baita zenbait bide moztu. Egunotan baso-langileak kalteak konpontzen eta bideak irekitzen ari dira. Lizarkolako kanala irekita dago, eta beraz, oinezkoek hortik egin dezakete Leitzarango joan-etorria. Bideoa eta argazkiak, ikusgai:

Otieta parkean lubizi bat, Plazaolako bidean bi lubizi, eta Bertxingo zentralera doan bidean beste lubizi bat gertatu ziren, besteak beste, joan den larunbatean, eta horiekin ari dira lanean baso langileak.

Otietako parkeko lubiziari dagokionez, Malo errekan harri-lubeta bat jartzen ari dira, malkarrean behera berriro lur jausirik gerta ez dadin.  

 

Otietako tunela, sei hilabetez itxita

Bestalde, udaletik adierazi dutenez, Otietako tunelak itxita jarraituko du hurrengo sei hilabeteetan, konponketak lanak direla eta. “Lehenengo harri-erorketaren inguruko lanak amaitu dira, baina zuzendaritza teknikoak elementu ezegonkor berriak identifikatu ditu tunelaren beste 30 metrotan, eta, ondorioz, larrialdiko jarduketa berri bat egin beharko da”.

Udal teknikariak konponketa lanak gauzatzeko proiektua idazten ari dira, eta horretarako, udala 220.000 euroko kreditu-aldaketa izapidetzen ari da.

Gauzak horrela, obren iraupena sei hilabetekoa izango dela aurre ikusten dute.

Otieta edo Auzokalteko tunela ekainaren 17an itxi zuten, tunelaren goiko aldean izana zen harri-erorketaren ondorioz. Udaletik jakinarazi denez, hasiera batean, “afekzioa eremu espezifiko batean kontzentratuta zegoen. Horregatik, Andoaingo Udalak otsailean 40.000 euro bideratu zituen beharrezko konponketa-lanetara. Tunelak adreilu porotsuzko estaldura du gangan, eta ura iragazi eta tantaka erortzen da. Denborarekin, estalkia hondatu egin da eta ur-jarioa handitu egin da. Kaltetutako eremua behar bezala drainatu, iragazgaiztu eta indartu da”.

Era horretan, obrak hasi bezain pronto, kendu egingo dira egungo estaldura eta balizko material ezegonkorra. Ondoren, “hormigoizko eta altzairuzko zuntzezko hainbat geruzaz zigilatuko da ganga, eta buloi ainguratuak instalatuko dira”.

Horrenbestez, uda osoan itxita segiko du Auzokalteko tunelak, eta Leitzaran bailaran barrena ibiltzeko, oinezkoek Lizarkolako kanala izango dute sarbide errazena.  Udalak adierazi du sentitzen duela sor daitezkeen eragozpenak, “baina tunela kolapsatzea saihestea eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzea lehentasunezkoa da”.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!