"Las buenas compañias" filman ikusiko ditugu

Xabier Lasa 2023ko mai. 26a, 09:00

Maider Diaz eta Marijo Benitez andoaindarrak egunotan zine aretoetan estreinatu den "Las buenas compañias" filmean agertzen dira. Larunbatean, igandean eta astelehenean Bastero Kulturgunean ikusgai izango da.

Franco hil osteko urte katramilatsuetako batean, 1976an, girotzen da filma. Abortatzea legez kanpo zegoen garaietako emakumeen ibilerak kontatzen ditu. Hain zuzen, Errenteriako emakume feministek abortatzeko eskubidearen alde burutu zuten ekimen klandestino ausarta darabil pelikulak testuinguru gisa; izan ere, modu duinean abortatu nahi zuten gazteei Bidasoaldeko muga administratibo-politikoa gainditzen laguntzeko sarea antolatu zuten.

Diaz eta Benitez, errodajean

Diazek eta Benitezek urte mordoa daramate antzezpen munduan, Donostiako Arte Eszenikoen Tailerrean aktore formakuntza osoa jasoz geroztik. Iaz, "Las buenas compañias" pelikulan parte hartzeko aukera sortu zitzaien, eta halaxe jarri ziren Silvia Munt aktore eta zine zuzendari bartzelonarraren aginduetara; Errenterian ez ezik, Pasaian eta Hendaian hainbat eszena errodatu zituzten iazko abuztuan.

Alicia Falco, Itziar Ituño eta Elena Tarrats ditu protagonista nagusi. Nolanahi ere, Diazek eta Benitezek Aiurriri iazko azaroan eskainitako elkarrizketan adierazi zutenez, hiru aktore aski ezagunen ibilerak pelikularen erdigunean kokatu arren, giza kolektibo bat protagonista izan zuen historia kontatzea izan da Munt zinegilearen asmoa, eta hargatik, indar handia hartzen dute hirukotearen inguruan dabiltzan emakume solidarioen presentziak.

Benitezek elkarrizketan ziurtatu zuenez, Muntek interpretatzeko unean, askatasun osoa eman zien antzezleei, protagonista nagusiei zein gainerakoei. “Historiaren kontakizunean, geu benetako protagonistak bagina bezala joka genezan eskatu zigun, eta, era horretan, bakoitzak, garenetik eta dakigunetik asko jartzeko aukera eman zigun; zenbait eszena eta egoeratan, bizitza errealean nola erreakzionatuko genuen guk, halaxe antzezten genuen. Konparazio batera, kale istiluetan aurrean genuen Guardia zibilari bultza egin behar bagenion, ez ginen mozten…”.

Entretenitu ez ezik, balioak ere transmititu

Maider Diazek eta Marijo Benitezek elkarrizketan ez zuten zalantza izpirik agertu, publikoak filmari egingo dion harreraren gainean galdetuta. “Gure historia hurbileko problematika jakin bat, eta, giza sentimendurik barnekoienak bestetik, ondo uztartzen dituen kontakizuna da”, zioen Benitezek. Diazek, berriz, zera gaineratu zuen: “Pelikula entretenigarria da, eta, gainera, dokumentu bikaina bilakatuko da emakumeon historiaren transmisioaren ikuspegitik. Are gehiago, gazteei mezu argia zuzenduko die: kontura gaitezela emakumeok geure askapenean egiten ari garen bidean, dena ez dela arrosa kolorekoa, trabaz beterikoa baizik, eta, aurrera egin badugu, geure ahaleginari eta sakrifizioari esker izan dela”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!