N1 ANDOAIN A15

Ikastola eta N1 arteko pantaila akustikoa jartzeko lanei ekin dio Aldundiak

Jon Ander Ubeda 2023ko mai. 26a, 18:12

Aldundiak udaberrian iragarri bezala, Aita Larramendi ikastolaren aurrean pantaila akustikoak jartzeko lanak hasi dira. Dagoeneko lehen lanak ikusgai daude. Talka eragin duen asmoa da, asteotan herriko eragile ezberdinek iritzia eman baitute.

Aldundiak gaurkoan egin duen iragarpena

Aldundiak gaurkoan zabaldu du albistea, martxotik iragartzen hasi zena baieztatuz: “Zuinketa-akta sinatuta, N-I errepidean Andoainen, Aita Larramendi ikastolaren parean, pantaila akustikoen lineal berri bat instalatzeko lanak aurreikusi bezala abiatu dira gaur. Obrek 4 hilabeteko iraupena izango dute, eta ikastetxeko oporraldia ahalik eta gehien aprobetxatuko da, lineal berria ikasturte berria hastearekin batera erabat instalatuta egon dadin. Pantailek 332 metroko tarte bat estaliko dute ikastetxearen aurrean, altuera aldakorreko hormigoi armatuzko pantaila fonoxurgatzaileen egitura batekin, gehienez 4 metroko altuerakoa, eta unitateko 20 metro luze ingurukoa dena. Era berean, jarduketak ingurumena lehengoratzeko esku-hartze bat aurreikusten du, gaur egun landaredia dagoen lekuan 50 zuhaitz landatuta”.

Azken ordukoa: Aiurrik albistea zabaldu du, pantaila akustiko horiek C2aren trazaturaren arabera jarriko direla zehaztuz. Berriki, Bide Azpiegitura sailetik Aiurrirekin harremanetan jarri dira orain jarriko dituztenak "behin behineko soluzioa dira" zehazteko. Xehetasun hori berria da, erredakziora ez baita horrelako komunikaziorik iritsi. Aldundiak Aiurriri zehaztapen hori egin nahi izan dio. Martxoan, ordea, Aldundiak honakoa zioen: "Egitura berria, A-15 eta N-I errepideen arteko lotune berriaren proiektuak Bazkardon jasotzen dituen zarataren aurkako neurrien parte izango da, Mimendiko etxebizitzen eta Sorabilla auzoaren arteko tarte osoan hainbat babes izango dituena".

 

Aita Larramendi ikastolak N1 errepidearen trazatura errespetatzea eskatzen du

Maiatzaren 11n gutuna argitaratu zuten, eta Aldundiaren jakinarazpenaren berri eman zuten: “Foru Aldunditik jakinarazi digute C-II proiektuaren trazaduraren arabera jarriko direla pantaila hauek, egungo N-I errepidearen trazadura kontuan hartu gabe”. Aita Larramendi ikastolak eskaera argia egin zuen gutun horretan: Pantaila akustikoak behin behineko soluzioa direla iruditzen zaigu: legeak adierazten duen gehiegizko dezibelio kopurua gainditzen jarraituko duelako eta ez delako arnasten dugun kutsadura maila jaitsiko.

Ikastolaren interesen defentsa egiteaz gain, Andoaingo etorkizunaren eta ongizatearen aldeko ekimenekin bat egiten dugu. Beraz, pantaila akustiko hauek behin behineko neurri izatea eskatzen dugu eta egungo N-I errepidearen trazaduraren arabera jar daitezela. Era berean, Andoaingo zein Gipuzkoako ordezkari politikoei eskatzen diegu N-I errepidearen arazoari soluzio duin bat eman diezaiotela, andoaindarren nahia kontuan hartuz eta herriaren etorkizunaren alde lan eginez”.

Aita Larramendi Ikastola: "Eskatzen dugu pantaila akustikoak egungo N-I errepidearen trazaduraren arabera jar daitezela"

 

Plataformaren arabera, pantaila hauek jartzeko prozeduran akatsa egon da

Apirilean, plataformako kideek Aldundiari lurrik ez lagatzeko eskaera egin zioten Udalari. Zehazki, Andoaingo alkateari eta Tokiko Gobernu Batzarrari (PSE-EE eta EAJ-PNV). Eta arrazoia formala da. Plataformaren zerbitzu juridikoen arabera, lurren lagapenaren erabakia plenoan hartu behar da. Eta Andoainen ez da horrelakorik egin. Erabakia azaroan hartu zuen Tokiko Gobernu Batzarrak, eta ez plenoak. Beraz, prozedura arrazoiak argudiatuta, lurren lagapena bertan behera uztea eskatu dute.

C2ak kaltetutakoen plataforma: prozedura akatsa argudiatuta, lurren lagapena bertan behera uztea eskatu dute

 

Guraso talde baten ekimena, ikasturtearen amaieran

Maiatzean guraso talde batek protesta ekintza ezberdinak egin ditu. Apirilaren 30ean lasto-fardoak kendu zituzten, egoera arriskutsuan zirelako. Gauzak horrela, maiatzean eta ekainean ez dago zarataren eta kutsaduraren aurkako babes neurririk. Horrek gurasoak haserretu ditu, ikasleek eta langileek ikasturte amaiera hori merezi ez dutelakoan.

Guraso taldea: Ikasleek eta langileek ez dute ikasturte amaiera hori merezi

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!