Andoaindik Leitzaranera gerturatzeko aukera dago, Lizarkolatik barrena

Aiurri 2023ko mai. 27a, 11:37

Eguraldi ona dago eta Andoaindik Leitzaranera gerturatzeko aukera dago, Lizarkolatik barrena.

Otietako tunela aspalditxotik itxita dagoenez (beste sei hilabetetan halaxe segiko du, konponketa lanak direla eta), Lizarkolako kanalbidea izango da bailararako sarbide naturala asteburu honetan eta hurrengo aste eta hilabeteetan. Joan den larunbateko ekaitza bortitzak Leitzaranen lubizi ugari eragin arren, Lizarkolako ubidean ez du kalterik eragin, eta irekita egon da aste osoan.

Bestalde, Udal brigadak, Foru Aldundiak eta URA Agentziak astean zehar elkarlanean jardun dute ekaitzak eragindako hondamenak konpontzeko, eta jada bide guztiak irekita daude. Gainera, Plazaolako bidean, Bertxingo indarrretxearen parean dagoen Altzaiturritik hirugarrengo tunelera (Andoaindik hasita) doazen 400 bat metrotan hondarra bota dute, bidea berdinduz; izan ere, zuloz josia zegoen aspalditik bide zati hori. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!