Joxe Antonio Zalakain hil da, hainbat urtetan txistularia izan zena

Xabier Lasa 2023ko mai. 27a, 13:50
IƱaki Arin, Xabier Esnal eta Joxe Antonio Zalakain, Lizar Makil dantza taldearekin 70eko hamarkadan

Joxe Antonio Zalakain Ormazabal (Andoain, 1944), XX. mendeko hainbat hamarkadetan herriko txistulari ezaguna izan zen, txistuaren hotsa zabaldu zuena makina bat jai eta ekitaldietan. Ostegunean hil zen, eta gaur, larunbatarekin, San Martin elizan bere aldeko hileta elizkizuna egingo da, 18:30etik aurrera.

“Pertsona leiala, zintzoa”. Halaxe definitu du hainbat urtetan adiskide izan zuen Jexux Mari Otamendik.

Zalakain eta biek 16 bat urte zituztela heldu zioten txistuari, Joxe Mari Huizi irakasle zutela. Donostiako kontserbatorioan ere bizpahiru urte egin zituzten. Zalakainek Isidro Ansorena musikari famatua izan zuen irakasle.

70eko hamarkadaren hasiera bitarte, aizpuruatarrak izan ziren Andoaingo Udaleko ekitaldietako txistulari ofizialak; Inazio eta Jorge Aizpurua, eta lehenbizikoaren seme Manuel, hain zuzen. Bada, bestelako ekitaldietan, Gobonetan, Luistarren Kongregazioko ekitaldietan, Euskalduna mendizaleen irtereetan eta beste hainbat ekimenetan, Zalakain eta Otamendi txistua jotzen aritu ziren.

Bestalde, Zalakain, Lizar Makil Dantza taldeko txistularia ere izan zen, Iñaki Arin, Xabier Esnal eta Jexux Mari Otamendirekin batera.

Lizar Makil taldea, Etxeberrietan, San Inazio egunean 1966an. Zutik: Joxe Antonio Zalakain (txistularia), Pello Elola, Juantxo Urrutia, Ramon Beraza, Jexus Mari Irusta, Bixente Olano (irakaslea), Luis Mari Beraza, Eugenio Usarralde, Joxe Mari Aiertza, Juantxo Arregi, Joxetxo Orbegozo eta Iñaki Arin (txistularia). Eserita: Toñi Garcia, Joxepi Rodrigez, Maite Garmendia, Arantxa Txopeitia, Rosa Maria Oiartzabal, Izaskun Astigarraga, Josebe Zinkunegi, Arantxa Garmendia, Bittor Sarasibar eta Marisol Elola (Argazkia: Josebe Zinkunegi). 

Joxe Antonio Zalakainek 1979an sortu zen Andoaingo Txistularien Bandan parte hartu zuen hasieratik, eta orain hamar bat urte arte aritu zen bertan.

Euskal kulturazale amorratua zen, eta besteak beste, bapateko bertsoak sortzen zen abila.

Krafft lantegiko langilea izan zen, zegokion erretiroa hartu zuen arte.

Azken urtetan, pentsio duinak eskatuz Goikoplazan pentsiodunek egin ohi duten elkarretaratzean parte-hartzaile finkoetakoa zen, Nekane bere arrebarekin batera.

Kontsejupean, Joxe Antonio Zalakain eta bere arreba Nekane, pankartaren atzean 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!