Andoain finalerdira igaro daiteke ostiralean, Herriarteko pilota txapelketan

Aiurri 2023ko mai. 30a, 12:42

Andoaindarrek ezustekoa eman nahi dute esku pilotan, Herriartekoan; izan ere, ostiralean, arratsaldeko 19:00tan hasita, Zestoaren aurka jokatuko dituzte itzulerako partidak. Aurreko astean, hiru partidetatik bi irabazi zituzten, eta, beraz, finalerdirako txartela lortzeko bidean dira andoaindarrak.

Lehen norgehiagokan, Mikel Gaztañaga eta Aimar Beroz kadeteek ezin izan zuten garaipena eskuratu (22-12). Urduritasunak ez zien nahi bezala jokatzen utzi andoaindarrei; esan beharra dago, tanto gehiago eskuratzeko aukera eduki zutela. Hala eta guztiz ere, Andoainen, Arrate pilotalekuan joaneko partidako arantza kentzeko eta garaipena eskuratzeko aukera edukiko dute bi promesek. 

Aurreko norgehiagokako emaitza ikusita, jubenilek irabazi egin behar zuten, eta halaxe bete zuten beren lana. Joseba Berozek eta Julen Gaztañagak irabazi egin zuten zestoarren aurka (21-22); gutxiengoagatik irabazita lehian bizi daudela erakutsi zuten, nahiz eta alde handiagoagatik irabazteko aukera eduki zuten.

Horiek horrela, seniorren norgehiagoka oso erabakigarria bilakatu zen, itzulerako partiduen faltan, emaitza onekin etxeratzeko aukera paregabea baitzuten esku artean. Julen Urruzolak eta Imanol Usandizagak ez zuten hutsik egin, eta garaipen argia eskuratu zuten zestoarren aurka (14-22). Urruzola hasieran batean deseroso kantxaratu zen arren, partidak aurrera egin ahala, kofiantza berreskuratzen hasi zen. Atzelariaren eta aurrelariaren arteko elkarlana sustraitzen joan zen; Urruzolak bere egin zuen atzealdea, defentsa indartsua eta segurua erakutsita, profesional ohiarengandik espero zen bezala. Aurrealdean, Imanol Usandizagak lan bikaina egin zuen, sakearekin asmatuta eta erasoa atzeko koadroetan kokatuta; urteko sorpresa izan da goiburuarra, pilotari ibilbidean atzelari petoa izanda, aurrelari lanetan murgildu eta maila bikaina erakusten ari da. 

Finalerdirako txartela lortzeko bidean

Ostiralean, itzulerako partidak jokatuko dira Arrate pilotalekuan, arratsaldeko 19:00tan hasita. Finalerdira igarotzeko aukera paregabea dute andoaindarrek, eta, beraz, ikusmira handia da. Urte askoren ostean, gainkaldeko postuetan da Andoain.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!