"Torturak ama eta alabarengan sortutako mina kontatzen du filmak"

Xabier Lasa 2023ko eka. 2a, 09:00
Kimu Arzuaga, Izaro Ieregi eta Jon Mikel Fernandez filmaren egileak (Argazkia: Donostiako Zinemaldia, Zinemira Saila. Gorka Estrada)

Ibilbide luzea egin du dagoeneko laguntza ofizialik gabe ondutako dokumentalak, eta egileek Andoainen aurkeztuko dute ekainaren 9an.

Euskal Herrian torturaren errealitatea Iratxe Sorzabal presoaren eta Mari Nieves Diaz bere amaren iuspegitik kontatzen duen filma proiektatuko dute Gaztetxean ekainaren 9an, 19:00etatik aurrera. Irunen, 2022ko maiatzean estreinatu zutenetik, Euskal Herriko eta Europako hainbat kultur etxe, antzoki eta jaialdietan proiektatu dute dokumentala. Iazko Zinemaldiko Zinemira sailean erakutsi zuten. Sense ficció programaren barruan emititu berri dute, martxoaren 14an, hain zuzen, eta % 10,1eko ikusle kuota bereganatu zuen (193.000 ikus-entzule). Egileek Gaztetxean aurkeztuko dute, eta solasaldian parte hartuko dute proiekzioaren ostean. Ernai gazte erakundeak antolatu du ekitaldia.

Jon Mikel Fernandez zuzendari eta gidoilaria Aiurrirekin mintzatu da, Andoainera hurbiltzeko atarian.

Nolako harrera jaso duzue publikoaren aldetik?

Pozik gaude dokumentalak jaso duen harrerarekin; batetik, espero gabeko zabalpena izan duelako, eta, bestetik, gure bi protagonista nagusiek egindako lana eskertu digutelako. Kontuan hartu behar da urtebetean Euskal Herriko 60 bat txokotan emanaldiak eskaini ditugula, eta, horrez gain, atzerrian ere proiektatu dugula (Berlin, Paris, Buenos Aires, Polonia...). Dudarik gabe, gure aurreikuspen baikorrenak gainditu ditu dokumentalak.

“Torturak ama-alaba batengan sortutako zauriak” kontatzen duela diozue.

Zehazki, Iratxe Sorzabalen eta, haren amaren, Mari Nieves Diazen, historia kontatzen du dokumentalak. Lehenak tortura basatiak sufritu zituen 2001. urtean, eta bigarrenak, berriz, 20 urte baino gehiago igaro ditu alabak sufritu zuena salatzen. Zentzu horretan, egia da torturak ama-alaba batzuengan sorrarazi duen mina kontatzen duela dokumentalak, baina, horrekin batera, torturak Euskal Herrian utzitako orbaina ere islatzen du. Izan ere, maiz, historia pertsonalak dira errealitate orokorragoak azaleratzeko tresnarik eraginkorrenak.

Dokumentala definitzeko orduan, bidegabakeria baten isla dela adierazi duzue eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat dela. Sakondu al zenezake bi ideia horietan?

Espainiako Estatuak milaka eta milaka euskal herritar torturatu izanagatik ere, epaitegiek ez dute inor zigortu, eta nik dakidala tortura delitu bat da, eta grabea, oso. Horregatik diogu Euskal Herriak azken hamarkadetan sufritu duen bidegabekeriarik edo injustiziarik nbarmenetako bat dela tortura.

Bestalde, gure aurkezpenetan “sekula eskaini ez den elkarrizketa bat” aipatzen dugula diozu, eta halaxe da; izan ere, Iratxek eta Mari Nievesek ez zuten sekula, orain arte behintzat, torturari buruz hitz egin haien artean. Dokumentalak eskaini die horretarako aukera nolabait, eta, horregatik, urte luzeetan, haien artean, tabu izandako gai bat azalaratzeko bitartekoa izan da 'Bi Arnas'.

Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren txostenek diote milaka direla torturatuak. Nolanahi ere, ez dago ikus-entzunezko askorik errealitate hori modu pertsonalean eta kamera baten aurrean jasotzen duenik. Oraindik ere hitzegiteko erreparoak dauzkatela biktima horiek. Iruditzen al zaizue?

Aurreko erantzunarekin harilkatuz, esango nuke torturaren albo-kalteetako bat isiltasuna dela, nork bere buruari inposaturikoa, eta isiltasun hori apurtzea sendagarria izan daitekeen arren, sarri askotan berau gainditzea urratsik zailenetakoa izaten dela. Hain justu, bai Mari Nievesek eta bai Iratxek isiltasun behartu horri buruz hitz egiten dute dokumentalean.

Nor eta zergatik gonbidatuko zenuke ostiral arratsaldean Gaztetxera filma ikustera azal dadin?

Torturaren gaia urruneko errealitatetzat dutenak eta gazteak gonbidatuko nituzke, bereziki, uste baitut garrantzitsua dela herri honen memoria historikoan etenik ez egotea, eta errealitate honen berri jendarte sektore anitzei ematea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!