Gazteleku pilota eskolako gidaritzaren ardura hartu zenuen iragan irailean, baina zertan oinarritzen da zure lana?
Hasteko, Andoaingo pilotarien partidak zein txapelketak antolatzen ditut; hau da, izen-emateak eta beharrezkoa den komunikazio lanaz arduratzen naiz. Horrez gain, entrenamenduak antolatu eta kudeatzen ditut. Gainera, ezinbestekoa da beste klubekin eta federazioekin komunikazioa mantentzea, beraz, nire jardunean mugikorra esku artean eduki ohi dut.
Lotura handia eskatzen duen lana dirudi. Kosta al zitzaizun laneko dinamika horretan martxa hartzea?
Uste nuena baino errazago hartu nion erritmoa lanari. Azken finean, umetatik eduki dut lotura estua pilota eskolarekin, eta frontoian ordu mordoa igarotakoa naiz. Gainera, Gaztelekuko jendea aurretiaz ezagututa moldaketa errazagoa izan da.
Pilota eskolako arduraduna zarenez gero, pozik egongo zara Berria eta Herriarteko Txapelketako emaitzekin, ezta?
Egia esan, bai. Talde oso interesgarria eta maila altukoa osatu genuen Berria Txapelketan, eta Herriartekoko taldea ere ez da atzean geratzen. Aurtengoan, lan ona egin dugu guztion artean, baina, oraindik, badugu zer egin. Ostiralean, Herriarteko Txapelketako finalerdia jokatu behar dugu; beraz, andoaindarrak animoak ematera gonbidatu nahi ditugu. Guztiok batuta handiagoak gara eta gauza handiagoak lor ditzakegu.
Herriartekoak zirrara handia sortu izan du Andoainen; Arrate frontoia goraino beteta, lagunak eta senitartekoak animatzen. Hori gutxi balitz, urteak igaro dira, azken aldiz, finalerdira iritsi zirenetik ezta?
Zuk esan bezala urte asko igaro dira Andoainek horrelako partida bat jokatzeko aukera eduki zuenetik. Horiek horrela, taldeko pilotariak oso gogotsu daude, ezustekoa eman nahi dute txapelketan. Aurten, zortea eduki dugula esan genezake, izan ere, kadeteetan, jubeniletan eta seniorretan, guztiak aritzen dira pilotan, baita ordezkoak ere; zaila da, urtero-urtero, pilotan jokatzen dutenekin taldea osatzea. Hots, iragan urteetan, pilotari ohiez osatutako bikote batzuk eduki genituen.
Pilota eskolako gidaritza lanetan jarraitzeko asmoa al duzu datorren urteari begira?
Oraingoz, bai. Gustura nago eta lan ona egiten ari naizela uste dut.
Eta galderarekin zerikusirik ez duen arren, andoaindarrei Arratera hurbiltzeko gonbitea zabaldu nahiko nieke, ea guztion artean garaipena lortzen dugun!