Idazluma ondo baino hobeto zorroztuta dauka Amagoia Mujika Tolaretxipi kazetari andoaindarrak. Unibertsitateko ikasketak amaituta, eta, Euskadi Irratian praktikaldia egin ostean, Aiurrin eman zituen lehen urratsak: erredaktore lanetan zebilen bera, 1994ko martxoan, Beterriko aldizkariaren zero zenbakia argitaratu zenean. Euskaldunon Egunkaria-n murgildu zen buru-belarri, 1995ean, baita, ondoren Egunero-n eta BERRIA-n ere. Bi hamarkada eman ditu azken horretan, askotariko zereginetan zein arduratan. Zuzendariorde izan da 2019az geroztik eta, orain, lekukoa eman dio Martxelo Otamendik: Amagoia Mujika Tolaretxipik hartuko du, uztailetik aurrera, BERRIA egunkariko gidaritza.
Urtero legez, akziodunen batzarra izan zen BERRIAn, joan den larunbatean. Ordea, ezohikotik dezente eduki zuen hitzorduak. Izan ere, Martxelo Otamendik zuzendaritza utzi eta zuri eman dizu lekukoa. Arduratik bezain zirraratik bizi al duzu erronka?
Behin akziodunen batzarra pasata, lasaitu egin nintzen apur bat, hor eman behar baikenuen albistea. Gerora, jaso ditudan mezuekin, pixka bat harrituta gelditu naiz, ez nuen eta horrenbesteko oihartzunik espero. Era berean, oso eskertuta nago, bai ingurukoekin, bai euskalgintzaren bueltako jendearekin, eman didaten babesagatik.
Nondik eta noiztik dator erabakia?
Urtebete igaro da zuzendaritza hartzeko proposamena luzatu zidatenetik. Hasieran, barregura sartu zitzaidan pixka bat, ez nuelako neure burua bertan ikusten. Era berean, Martxelo Otamendiren pareko figura bat alboan izanda, "zer egin behar dut nik?", pentsatzen nuen. Etxeko norbait izatea nahi zuten, eta nire izena atera zen, ibilbide luzea egin baitut gurean. Argi dago Martxelo, Martxelo dela, eta ni beste pertsona bat naizela, eta neure erara egingo dudala bidea. Sekulako lan-taldea dauka BERRIAk. Bada, gainerakoa bere horretan emango da. Ikasteko prest nago.
Lan-talde osoaren babesa duzu atzean, baita Otamendirena ere: “Amagoia Mujika Tolaretxipik BERRIA eramango du inoiz egon ez den maila batera”, zioen orain arteko zuzendariak igandeko BERRIA egunkarian.
"Ea, Martxelo!", erantzun nion hori entzun nuenean (barrez). Maila ona dauka, berez, BERRIAk, eta, lanean dihardugu, hobeak izateko, baina ez dago, soilik, nire esku. Lehen esan dudan bezala, lan-taldeak garrantzia dauka. Aldaketak datoz, udazkenera begira, baita erronkak ere. Hala, horiek gidatzen ikusten dut neure burua.
Andoaindarra zara sortzez, eta zure gurasoek harreman estua izan zuten Martin Ugalderekin. Poz txikia izango da alde horretatik etxekoentzat eta, bide batez, ugaldetarrentzat zuk zuzendaritza hartzea, ezta?
Dudarik gabe. Nire aitaren lehengusua zen Martin, haurtzaroan, elkarrekin bizitakoak, gainera. Gogoan daukat, Euskaldunon Egunkaria-n hasi nintzenean, Martinek deitu zidala zoriontzeko. Pena aita ez dela gure artean, jada, ez eta Martin ere. Azken egunotan, haiekin asko oroitzen naiz. Erreferentzia handia da Martin Ugalde niretzat: kazetaritza maite zuen, badakigu zenbat sufritu zuen Egunkaria-ren garaietan, egindako lanagatik. Sekulako obra utzi digu. Euskara maite zuen berak, nahiz eta horregatik momentu zailak pasa behar izan.
Zuzendaritza postua zuretzat pauso berria izanagatik, sakonki ezagutzen dizkiozu tripak BERRIAri. Ia sail guztietatik igaro zara zu, baita editore taldetik ere.
Urte asko daramatzat hemen, baina egia da, bai, batetik bestera ibili naizela eta askotxo ezagutzen ditudala. Etxe honetan, "Gizartea" sailean egin nuen lehen uda, niretzat berebiziko garrantzia daukaten bi kiderekin: Idurre Eskisabelekin eta Amagoia Gurrutxagarekin. Mundu berri bat zabaldu zitzaidan orduan, esperientzia bizia izan bainuen. Gerora, beste batzuetan ere aritu nintzen, hala nola, "Agenda" edo "Politika" sailetan. "Kultura"-n nenbilen lanean Euskaldunon Egunkaria itxi zutenean, eta hortxe jarraitu nuen, ondoren, BERRIA argitaratzeari ekin genionean, "Mundua"-ra jauzi egin aurretik. Koordintzaile eta editore lanetan aritu naiz. Pixkanaka, pausu horiek eman ditut, zuzendariorde izatera iritsi aurretik.
2019an hartu zenuen zuzendariorde kargua, gaurdaino. Gertutik jarraitu duzu Otamendiren jarduna. Zer ikasi diozu hari?
Gauza asko. Pertsona baliotsua da Martxelo. Oso inportantea izan da beti etxe barruan. Jakintza handia dauka, eta erraztasunez transmititzen du hori. Kazetaritza bizitzeko daukan modua partekatu du gurekin, egunez egun. Sekulako pisua izan du horrek niretzat, asko ikasi baitut haren ondoan.
Sorreraren 20. urteurrenean, norabide berriei begira ipini zarete, baina horrenbeste urtetan eutsi duzuen bizkarrezurra, muina mantenduta. Zertan ikusiko dira aldaketak?
Etengabean gaude aldaketa-prozesu batean murgilduta, kazetaritzak horrela eskatzen duelako. Bada, horietan guztietan, lan-taldea izan da beti ardatz. Orain, jauzi inportantea egiteko asmotan gabiltza, probak egiten ari gara. Lan-antolaketa aldatuko da, erabat. Goizago hasiko gara, beste lan-sistema batekin. Oso aldi konplexua bizi dugu, informazio-uholdea datorrelako, lasto asko daukagulako. Horren aurrean, beharrezkoa da ondo zehaztea guk jorratu nahi duguna: gure begirada propioa, Euskal Herritik eta Euskal Herriarentzat egingo den kazetaritza ona, kalitatezkoa eta fidagarria. Egunero bizi ditugun arazoei aurre egiteko kazetaritza, finean.
Hori horrela, salto handia emango dugu, digitalizaziorantz: bestek beste, lan-fluxuak eta ordutegiak aldatu egingo dira. Dena dela, ez dugu papera alde batera utzi nahi, oso garrantzitsua baita, bai guretzat, bai hemendik kanpo. Hala, orain daramagun bidean sakontzen ahaleginduko gara. Biak uztartuz, kazetaritza moderno bati erantzungo dion diseinu aldaketa integrala egingo dugu.
Herritarrengandik sortu zen BERRIA, eta orain ere herritarrak behar ditu. Garrantzizkoa da guretzat independente izaten jarraitzea eta, gaur egun, gure diru-sarreren % 70 publizitatetik, harpidetzetatik nahiz BERRIAlagunetatik jasotzen dugu. Sostengu handiagoa nahi dugu, BERRIA jendartean egotea beharrezkoa dela ikusten dugulako. Ez dugu, soilik, azala aldatuko, edukiei begira, saiakera berezia egin dugu. Kazetari guztiekin ari gara lanketa egiten, bileren bidez, eskaini nahi duguna zehazteko: azken ordukoei erantzuteaz gain, gure gai propioak lantzen jarraitu nahi dugu. Horrenbestez, diseinuan ez ezik, beste alderdi askotan ere nabarituko du aldaketa.
Erabiltzaileen esperientzia askoz hobea izango da, arlo digitalean, lurraldeka antolatuko ditugu albisteak, atal bereziak egongo dira, feminismoari nahiz inguruneari tartea egingo diogu, baita euskarari ere, jakina... Horrelako aldaketa dezente datozkigu.
Horrek ere ekarriko du buruhausteren bat edo beste...
Askotan, beldurra ematen digute aldaketek, baina inportanteak dira guretzat. Denon artean artean landu behar ditugu. Nola egiten da hori? Taldearen ekarpenak jasoz, eta alderdi batzuk aldatuz, egoerak horrela eskatzen duenean. Mugimendua izango duen prozesua da, eta ilusioz hartzen ari da aldaketa jendea.
Aipatu bezala, irakurleen egunerokoa zeharkatzen duten gaiei erreparatzen jarraituko duzue, ez, ordea, paperezko euskarrian, soilik. Ikus-entzunezkoetan eta podcast formatuan ere sakonduko duzue.
"Entzun BERRIA" saila irekiko dugu. Podcast-ak egongo dira bertan, eta albisteak entzuteko aukera ere emango dugu. Bestalde, proiektu berriak ditugu buruan eta horiei forma ematen ari gara, pixkanaka.
Uztailaren lehenean sartuko zara zuzendaritzan. Amagoia Mujika Tolaretxipiren ukitu berezirik izango al du, aurrerantzean, BERRIAk?
Baietz uste dut. Nork bere ekarpena egiten dio proiektuari, daukan horretatik. Gustuko dut taldean lan egitea, ideiak jaso eta ematea, partekatzea. Beraz, hori izango da, aurrerantzean ere bidea.