Arima, Siglas eta Krin. Azken urteetan sortutako taldeak dira, eta musikazaleentzat ezusteko atsegin eta gozagarriak eskaintzeko prest helduko dira Andoainera. Krin taldeko hiru musikari (Fran Romero, Ion Vara eta Mikel Etxegarai) Rock Jaialdiaren aurkezpenean izan ziren. Aperitif saioan, oholtzara igoko den hirugarren taldea izango, Goikoplazan 14:00etan, hain zuzen. Laukotea da Krin Irungo taldea: Fran Romero (bateria), Ion Vara (baxu jolea), Mikel Etxegarai (ahotsa, armonika), eta Beñat Gonzalez (gitarra).
Pandemia betean sortu zuten taldea: “Elkarren ezagunak ginen, baina bi kuadrilletakoak gara. Nolabait, Juan Carlos Garcia diskografia-sustatzailearen Bloody Mary disko-dendako bezero finkoak gara, disko biniloaren eta garage kutsuko rockaren zale amorratuak garenez, hortxe egin genuen topo. Beñaten lokalean entseguei ekin genien, eta nahiz eta gustu anitzak eduki, lortu genuen batzen gaituzten musika ildoetatik abiatzea; alegia, 60ko musika, garagea...”.
Goikoplazako kontzertuan nolako zuzenekoa eskainiko duten galdetuta, hitz bakan batzuk aipatzen dituzte, nahikoak izango direlakoan: “60ko garage-rock soinu bortitzak, indartsuak, zorrotzak, ilunak... entzungo ditu entzuleak kontzertuan. Show puntu bat badauka gure emanaldiak, baina apaingarririk gabekoa da, hots, ez daukagu hitz-aspertuetarako denborarik abestitik abestira”.
Ohorea eta erantzukizuna
Andoaingo Rock Jaialdiko hitzordua agendan hizki larriz daukaten rockzale horietakoak dira lauak ere. “Egundokoa da. Rock mundua gertutik jarraitzen dugunontzat erreferentziatzat dauzkagun taldeak igaro izan dira Nafarroa plazako oholtzatik. Izugarrizko bandak: The Nomads, Flamin Groovies,The Muffs, Limiñanas...”. Horrexegatik pozez txoratzen daude aurtengo Andoaingo Rock Jaialdian sartu dituztelako: “Amets batean gaude, eta ohore bikoitza sentitzen dugu: halako Jaialdian parte hartzeagatik, eta Black Lips bezalako talde bat azaltzen den kartelean gu ere hor egoteagatik”.
Erantzukizun handia sentitzen dute Andoaingo hitzorduari begira, baina, aldi berean, daukaten guztia emateko asmoz agertuko direla Goikoplazara agindu zuten martxoaren 17an egindako Jaialdiaren aurkezpenean. Rock zaleei gonbidapen berezia egin zieten, bertara azal zitezen: “Arratsaldeko 14:00-15:00ak sekulako tartea izan daiteke rocka entzuteko, bermuta eskuan edukita. Are gehiago, jakinda aurrez beste bi taldek jo dutela, eta handik hiru ordutara jarraipena izango duela rockaren festak Nafarroa plazan, egundoko taldeekin!”.