"Begiratzeko ohitura, sortzeko pribilegioa" argazki-mostra kolektiboa, hilabete osoan Basteron ikusgai

Jon Ander Ubeda 2023ko eka. 12a, 17:29

Xabier Alkorta, Eduardo Arreseygor, Bertol Arrieta, Haizea Brosa, Itziar Gutierrez, Xabier Huitzi, Jon Jauregi, Juanan Lazkano, Aitor Regillaga, Maddi Trutxuelo, Nerea Uralde eta Rosa Zozaya dira mostra kolektiboko partaideak. Argazkigintzak batu dituen arren, gehien-gehienek artelan berrien garapenean beste adierazpide ezberdinak uztartu dituzte.

Hainbat partaiderekin solasean

NEREA URALDE

Andoaindarra aski ezaguna da, han eta hemen diseinu grafikoari lotutako sari ugari jaso dituelako. Eduardo Arreseygorrek egin zuen akuilu lanari esker, mostra kolektiboan parte hartu du. Are gehiago, erakusketa iragartzen duen afitxaren irudia berea da.

Zure proposamena argazkiz osatuta dago. Tamaina karratuko argazkiak dira eta ageri diren elementuak oso zehatzak dira. Zer da azaldu nahi izan duzuna?

Nire kasuan gaia oso zehatza zen eta muntaiak oso egituratuta izan behar zuen. Oso zehatza zen. Gaia bizitza da, zehazki, bizitza-bidaia. Erdian ageri den argazkia, oinez ageri diren bi hankak, hortxe dago nire ideiaren oinarria. Jaiotzen garenean hasten baita bidaia. Argazki horrek beste guztiari ematen zion zentzua.

XABIER ALKORTA

Gerrako janzkera duten pertsonen erretratu-sorta ikusgai jarri du, Basteron. Andoaingo Udalaren urteko egutegian saritu dute, maiz. 

Gerrako janzkera jantzita daramaten hainbat pertsonen erretratuak eskegi dituzu Basteroko erakusketa gelan. Azalduko al zeniguke hori?

Han eta hemen antzezpen historiakoak egiten dira, eta hainbat tokitan gudu ezberdinak gogora ekartzen dituzte. Bigarren Mundu Gerra irudikatu zuteneko argazki-sorta ekarri dut erakusketara. Haientzat antzezpen hori egitea oso gauza serioa da. Argazki-sortarekin bizi dugun kontraesan hori azalerazi nahi nuen. Pasarte historiko batzuk antzeztea gogoko izaten dugu, baina era berean gehiengoa gerraren aurka gaude.

ITZIAR GUTIERREZ

Andoaingo artistarekin hitz egitea gozamena da, beti. Eta ez bere obraz hitz egiteko, ez duelako oso gogoko egin duena azaldu behar izatea. Gozamena da Gutierrezekin solasean aritzea, bere azalpenak beti direlako aberasgarriak. Artean aditua da, eta artelanetan jakinduria hori agerikoa da.

Lehen kolpean Bibliako elementuak ageri direla jabetuko da ikuslea. Zer adierazi nahi duzu?

Oihartzun ezberdinak ageri dira nire lanean. Ez da lehen aldia, baina askotan Bibliako irudiak erabili izan ditut. Eta, zehazki, emakumezkoenak. Eva, Susana, Judith... artearen historiatik interesatzen zaidana da zer nolako ikuspegitik errepresentatu diren emakume horiek. Beti dira emakume bekatariak. Arte historialaria naiz formakuntzaz, eta horrek eragin handia du nire sortze-lanetan. Oso gogoko dut ikonografia hori auzitan jartzea. Hori da egin dudana.

JUANAN LAZKANO

Zuretzat artea mezua zabaltzeko aukera bat da. Osagai politikoa beti ageri da, nire lanetan. Kasu honetan, "inor ez da ilegala" esaldia ageri da.

Marcos subcomandantea ageri da, Emiliano Zapata ere bai... Mexikon izan nintzeneko sentsazioak jaso ditut lan honetan. Erakusketan eskegi dudana bizi izan dut. Txiapasen grafitiak nabarmenak ziren. Sentitu izan dut hori.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago
Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!