Rock soinuak eta doinuak dira beren bizitzako ipar; musika-entzuleak ez ezik, baita musikariak ere badira, “sekula arrakastatsua izatera iritsiko ez den” The Clanks taldeko partaideak dira hain zuzen.
Orain urte mordoa atzera joanda, Irungo Juancar Garcia Bloody Mary disko eta ekoizpen enpresako kidea ezagutu zuten, eta honek, 2008an aipatu zien nola ari zen Andoainen antolatzen Rock Jaialdi bat. Bada, jakinminak piztuta, mapa hartu, Andoain zirkulu gorri batez markatu, eta ekaineko larunbat eguardirako heldu ziren bertara, ziztu bizian.
Gazteagoak zirenean, gogoan dute nola egiten zuten lo -edo lo kuluxkatxoa- autoan, igandean berriro ere etxerako bidea hartu aurretik. Azken urtetan, ordea, ohartu dira gorputzak atseden eske kexatzen zaizkiela. Beharko atsedena hartu, Aperitifeko hiru kontzertuak eguerdian eta Rock Jaialdiko sei kontzertuak ilunabar-gauean ondo irentsi eta gero! Beraz, inguruko aterperen batean ostatu hartzeko ohitura hartu dute.
Jendeartekoak eta gertukoak dira, umore onekoak, eta egia esan, urte hauetan ez dute zailtasun askorik eduki harreman estuak egiteko rockarekiko zaletasunarekin bat egiten dute pertsonekin. Horrela, makina bat lagun egin dituzte Andoainen, Ane, Peio, Xabier, KikE, Lurdes…. Adopzioko seme sentitzen dira kasik bertan.
Andoaingo Rock Jaialdiak zer daukan apartekoa galdetuz gero, azka batean ematen dizute erantzuna: “betiko rockaren esentziari, benetakotasunari eusten dio. Uko egiten dio aspektu komertzialari, jendea erakartzeko printzipioak hausteari; rockaren erroetara jo izan du, urtez urte. Halako jaialdiak ahaitzen ari dira Frantzian, eta Europako leku askotan, eta horrexegatik, pribilegio bat da Andoaingoak bizirik segitzea. Bestalde, hemen bizitzen den giroa, jendearen abegikotasuna... ez duzu topatzen beste inon”.
Dena esatera, badute kritikatxoa egiteko ere, aitortzen baitute ez ziela grazia askorik egin iazko edizioko kartelean Drogas sartu izana, “Jaialdiaren filosofia hautsi egin zela hura ekarrita, iruditzen zaigu; ahalik eta jende gehien erakartzea izan zen helburua”.
Hurrengo urtea noiz iritsiko zain daude kasik. Beren agendan hizki gorriz markatuta daukate, San Juan aurreko asteburua.