Baimenik gabeko obrak ere klandestinoak bezala definitzen omen dira. Urrutira joan beharrik ez daukagu horrelako lanak aurkitzeko, hala nola, Aita Manuel Larramendi Ikastola eta Allurralde kiroldegiaren alturan zarataren aurkako pantailak jartzeko aurrera eramaten ari diren lanak.
Hauen arduradunak ez dira korrika ihesean abiatu, eta egun argiz dihardute bere jardunean horretarako baimenik izan ez arren. Etxeko leihoak baimenik gabe aldatzen hasiz gero laister aurkeztuko zaigu udaltzaingoa etxeko atean horretarako baimenik ba ote dugun galdezka. Baina arauak idazten dituzten erakundeek haien gainetik jauzi egiten dute inork erantzukizunik eskatu gabe antza.
Hauteskunde kanpainan ordezkari politiko bati entzun genion ezin zezakeela ulertu zarataren aurkako pantailak jartzearen aurka nola egon zitekeen inor. N1 errepidearen ondoan dabilenak soberan daki bertako trafikoak sortzen duen zarata eta kutsadura. Herritar oro dago honen kontra, eta kutsadurarentzat bestelako neurririk ezean, pantailak jarri beharko lirateke. Baina pantaila hauek gaur egungo trazaduraren arabera jarri beharko lirateke noski. Azken 30 urteetan behin eta berriz eskatu diren pantailak aitzakiatzat erabiltzea C2 bezala ezagutzen zen proiektuaren araberako trazaduran oinarrituz pantailak jartzeko tranpa egitea da. Hare gehiago C2 proiektuaren prozedura baztertu ostean, ordezko proiekturik publikoki esposatu ere ez denean.
Baimenik gabeko obra klandestinoak geldi arazi beharko lituzkete udal teknikeriek ofizioz, ordezkari politikoek betebeharrez, eta bi hauek ezer egin ezean, herritarrek justiziaz.