Pentsio duinen aldeko aldarrikapenari eutsi egingo diotela adierazi dute pentsiodunek

Xabier Lasa 2023ko eka. 19a, 12:39

Agintean hau egon hura egon, pentsio duinen aldeko aldarrikapenak indarrean segitzen duela gogoratu dute Andoaingo pentsiodunek Goikoplazan egin duten asteleheneroko elkarretaratzean. Denboraldiko azken bilkura egin dute gaur; irailean itzuliko dira.

Kontuan izanik hauteskunde garaiak bizi ditugula (joan diren udal haustekundeak, eta batez ere, uztailaren 23ko haustekunde orokorrak), Andoaingo bilkuran adierazi dute pentsiodunen eskaerak beti bezain ozen nahiz ozenago aldarrikatu behar direla, ez daitezen agenda politikotik kanpo geratu. “Bereziki 1.080 euroko Gutxieneko Pentsioaren osagarria defendatuko dugu”.

Nabarmendu dute merezi duela borroka egiteak: “horren lekuko, bost urte eta erdi hauetan lortu ditugun lorpenak. Gure mobilizaziorik gabe, ziur %0,25eko igoerarekin egongo ginatekeela, Gutxieneko Pentsioek eta Alarguntzakoak izoztuta jarraituko luketela, eta Estatuak Gizarte Segurantzari baliabide ekonomikorik eman gabe jarraituko lukeela”.

Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak eta Estatuko Nazio Komunitateetako pentsiodunen plataformek antolatuta, Bilbon, uztailaren 20-21ean, Nazioarteko Konferentzia egingo dela iragarri dute Goikoplazako elkarretaratzean. Grezia, Portugal, Alemania Frantziako pentsiodunen plataformak bertan izango dira, bakoitzaren eskarmentuak elkartrukatzeko asmoz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!