Sanjuanak 2023

Axeri Dantza, inoizko jendetsuena

Xabier Lasa 2023ko eka. 22a, 11:03

Sekula izan den Axeri Dantzarik parte-hartzaileena izango da aurtengoa, izan ere, ia 80 axeri dantzari plazaratuko baitira blusa gorria jantzita, hortaz. Kolore gorria nagusi izango da Goikoplaza guztian, eta besteak beste, bost giza-dorre osatuko dituzte.

Dantzariak gogotsu aritu dira Ondarretako ikastetxeko jolaslekuan aurreko egunetan egin diren entseguetan. Ohartuta daude historikoa izango dela, eta arduratsu ibili dira Axeri Dantza osatzen duten zazpi jokoak eta ondorengo Soka Dantza ahalik eta hobekien egiteko. Eginkizun horretarako, ezinbesteko izango dituzte Olagain Udal Txistulari elkarteko kideek zabalduko dituzten doinuak. Larunbatean saio nagusia eskainiko dute Goikoplazan, 12:00tan  hasita.
Gogoratu behar da erritu iniziatikotik asko daukaten zazpi dantza edo joko dituela Axeri Dantzak. Hots: Aitarena, Zortzikoa, Orratzakoa, Txingoa edo Ilentia, Korrika, Perra Jartzea, eta, Borroka edo Dorrea. Dantzatik bezainbat daukate jolasetik, irritik, ziri sartzetik...

Ia laurogei axerik suge-gorri galanta bezain zirraragarria marraztuko dute Goikoplazan jokotik jokora doazen paseoen eskutik, eta are ikusgarriagoak eta dibertigarriagoak suertatuko dira zazpi jokoetan ikusi ahal izango diren uneak. Horietatik azpimarratzekoa da, Dorrearen jokoan, axeriak bost dorre osatzeko asmotan dabiltzala.

Herri dantza, indartsu

Pozgarria da ikustea zeinen indartsu agertzen den Adunan eta Andoainen errotuta dagoen herri dantza.

Dantzarien artean, 16 urte ditu gazteenak, ia 60 zaharrenak. Horrenbestez, euskal kulturaren eta folklorearen adierazle bizi-bizia izateaz gain, belaunaldi desberdinen arteko topagune bilakatu da azken urtetan.

1975ean berreskuratu zuten Lizar Makil taldeko dantzari eta txistulariek Adunako dantzari zaharren laguntzaz, eta egutegia erreparatuz gero, hain justu ere, urteurren biribila ospatuko du dantzak Andoainen 2025ean, mende erdia beteko baitu. Horri erantsi beharko zaio, bigarren urteurrena, hots, 25 urte beteko direla herriko emakumeak ere dantzaren parte bilakatu zirenetik. Andoaingo axeri dantzariek, euskal folklore zaleek eta euskal kultur zaleek edukiko dute zer ospatua 2025ean, horrenbestez.

Erlazionatuak

Axeri Dantza, entseguetan

Xabier Lasa 2023 eka 22 Andoain

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!