"Sailez sail gabiltza bilerak egiten"

Xabier Lasa 2023ko eka. 23a, 09:07

Joan den larunbatean ospatutako udalbatzan aginte-makila hartu berritan, "egokitzea" da Andoni Alvarezek erabili duen hitza, nagusiki

Nolakoak izaten ari dira lehenengo egunak?

Lehen egun hauetan egokitzen ari gara. Alde batetik, hiru zinegotzi gaude aurreko legealditik gatozenak; oposizio lanetan aritu izan gara, eta jakitun gara desberdina dela gobernuan aritzea. Bestetik, berriak dira udaletxeko egunerokotasunean lanean ariko diren hiru zinegotzi. Hortaz, pixkanaka ari gara sailez sail bilerak egiten eta udal langileak direnak eta lankideak izango direnak ezagutzen... Lur hartzen eta egokitzen ari gara, baina, jakina, albo batera utzi gabe nahitaez egin behar diren urgentziazko gaiak.

Alkatea zarela barneratu al duzu?

Egokitzen ari naizela esango nuke. Larunbatean baino egokituago, baina, hilabete barru baino oraindik ere gutxiago.

Maiatzaren 28aren ostean, herritar ugari hurbildu zitzaizun zoriontzera. Egunotan?

Jendea hurbiltze kontu horretan, hiru fase bereiziko nituzke. Maiatzaren 28aren ostean, jende askok zoriondu ninduen ni, eta zoriondu zuen udal taldea. Hurrengo egunetan, herrikide ugari kezkati etorri zitzaizkidan, etorkizun hurbilean gerta zitekeenagatik. Eta, azkenik, larunbateko aldaketa saioaren ostean, berriro ari zaigu jende asko zoriontzen. Gaur goizean, udaletxerako bidean, adibidez, jendea asmo berberarekin hurbildu zait. Badirudi Sanjuanak igaro arte iraungo duela zorionak jasotzeko aldia.

Sanjuanak aipatu dituzu. Herritarrei zer mezu edo gomendio luzatuko zenieke, herriko jaiak hastear direnean?

Lehenengo eta behin, San Juan jaiak posible egiten duten herriko kirol eta kultur elkarteei eta herritarrei eskerrak eman nahi nizkieke. 

Gizarte mugimenduetan eta kirol elkarteetan ibili garenok badakigu zenbat kostatzen den halako eginbeharretan murgiltzea. 

Horrez gain, herritarrei esango nieke goza dezatela herriko jaiekin. Saia gaitezen guztion artean festak politak izan daitezen, liskar eta erasorik gabekoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!