Behin-betikoa jai-batzordeak egingo du; baina, lehen balorazio honetan esan dezakegu jaiak positiboak izan direla, andoaindarren parte-hartze handia izan dutenak. Jaiak, oro har, lasaitasunez eta modu baketsuan igaro dira. Larunbatetik igandera bitarteko gauean zenbait liskar izan baziren ere, jaiak modu lasaian igaro dira.
Logikoa denez, jai-programa itxita zegoen udal gobernu berria kargura iristerako. Ezin izan dugu aldaketarik egin, eta gure lana azken xehetasunak lotu eta intzidentziak kudeatzea izan da. Edonola, astebetean mugikortasun arazoak dituzten pertsonei zuzendutako espazio berezituak egokitzea lortu da. Ackzesible plataformarekin elkarlanean egindako lana izan da, oso positibo baloratzen duguna. Etorkizunera begira lanean jarraituko dugu.
Eskerrak eman nahi dizkiegu jaien antolaketan parte-hartu duten herri eragile guztiei; baita lanean jardun duten udal langile guztiei. Badira hobetu beharreko hainbat alor: Horietako bat herri eragileek jaien antolaketan garrantzia handiagoa hartzea izango da. Andoaingo motorra dira, eta erabaki organoetan egotea bermatu behar dugu.
Hausnarketa auzoetako jaietara ere zabaldu behar da. Arlo ekonomikotik harago, zailtasun asko daude jaiak aurrera eramateko. Udala horren jakitun izan behar da, jaien antolaketan laguntzeko lanak erraztuz. Datorren asterako Kultura sailak jai batzordearen bilkura deituko du, balorazio sakonagoa eta partekatua egin asmoz.