Teodoro Elizalde, Kontzejupeko esku-pilotaria hil da

Xabier Lasa 2023ko uzt. 1a, 20:04

Elizalde, pankartari eusten diola

90 urte betetzeko bidean, Andoaingo kontzejupean esku-pilotan (bideoa, ikusgai) aritzen zen Teodoro Elizalde Beruete zendu da gaur. Frankisten biktimen aldeko omenaldi-ekitaldietara nahiz pentsio duinen aldeko asteleheneroko elkarretaratzeetan huts egiten ez zuen pertsona izan zen Elizalde. Hain zuzen, argazkian, ekainaren 19an Andoaingo pentsiodunek egin zuten azken bilkuran ikus daiteke, pankartari eusten diola.

Hilbeila Errakaldeko beilatokian egongo da, gaur larunbatarekin, 16:00etatik 20:00etara, eta bihar, igandearekin, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hileta elizkizuna, berriz, San Martin parrokian astelehenean, 18:30ean egingo da.

Gizon xumea, jendartekoa zen, kalean gora eta kalean behera ibiltzea zuen gogoko, eta beti pronto nornahirekin hitz-asperturen bat egiteko.

Nafarra zen jaiotzez, Miranda de Arga herrikoa eta, gaztetan, 1968an, heldu zen Andoainera. Bertan Lurdes Alemanekin ezkondu eta bi alaba eduki zituzten. Miranda de Argako jaioterrian, umetan, justizia eta berdintasuna eskatzen zuten errepublikanoen aurkako errepresio frankista gertu-gertutik ezagutzea egokitu zitzaion, besteak beste, bere osaba desagerrarazi baitzuten. Hango gertakizun lazgarri haiek markatu zioten, eta kontzientzia soziala piztu arazi.

Beti eduki zuen gogoan osabaren oroitzapena, batik bat Andoainen apirilaren 14an urtero egiten den biktimen aldeko omenaldian parte hartu izan zuen.

Teodoro Elizalde aterkia eskuan duela, 2022ko omenaldi-ekitaldian. 

 

Bestalde, bere ondorengo belaunaldien ongizateak biziki kezkatzen ziola eta, astelehenero hurbiltzen zen Goikoplazara, Andoaingo Pentsiodunen elkarretaratzean parte hartzeko.

 

Kontzejupeko esku-pilotaria

Teodoro Elizalde maiz aritzen zen esku-pilotan, kontzejupean. 2015eko azaroan Aiurriko kazetariekin solasean jardun zuen, eta erreportaje baterako adierazpenak egin zituen. Pilotarako zaletasuna ez ezik, bere bizitzako zenbait xehetasun eman zituen jakitera orduan.

Hona jarraian, erreportaje hura:

“Teodoro Eizalde herritarra ia goizero ikus daiteke Kontzejupean pilotan jokatzen bakar-bakarrik. Deigarria egiten zaie gizonaren jarduna udaletxeko langile nahiz bertara hurbiltzen diren herritarrei. Daukan adina kontuan hartuta, batek baino gehiagok nahiko lituzke erakusten duen arintasuna eta esku jokorako abilidadea! Goizero, 10:00ak aldera hurbiltzen da kontsejupera. “Ordu laurden-ordu erdiko saioa egiten dut. Gero ogia erostera abiatzen naiz eta hortik etxera”.

Udaletxeak ateak irekita eduki ohi ditu goiz parte horretan, baina inoiz ez diote kargu hartu enbarazu egin dezakeelako. “Saiatzen naiz inor ez molestatzen. Behin ikusi nuen udaltzain bat nola zetorren niregana eta pentsatu nuen galerazteko izango zela, baina keba! Zorionak eman nahi zizkidan, pilota ondo astintzen omen nuelako. Udal langileren bat edo beste ere etorri izan zait gauza bera esanez”. Teodorok esku zabalik hartuko luke laguna jokatzeko, baina inor ez zaio hurbildu oraingoz. “Nahi duenak, badaki, ez dezala erreparorik eduki. Berdin dio zein adinekoa den. Behin edo behin, errekreoan den ikasle koadrilaren bat azaldu eta txokotara ibili izan gara. Ni gustura, eta beraiek ere hala uste dut! Beste behin, neska koskor bat ikusi nuen atzeko horman, bazterrean, lotsati samar. Nirekin jokatzera gonbidatu nuen, eta axola al zaizu nire pilotarekin jokatzen badugu? galdetu zidan. Nirea latzagoa baitzen”.

Alabak oparitu zion behin Kontsejupean erabiltzen duen pilota. “Hernialden bizi da, eta 9 urte dituen bere semea, Iker, pilota eskolan aritzen da. Maiz bilobak zaintzea egokitzen zaigu aiton-amonei, eta horrelaxe hasi ginen aitona eta biloba pilotan, Hernialdeko frontoian. Oraingoz, ni bera baino gehiago naiz, aitona gailendu nahi bai hark! Aise botatzen da lurrera pilotaren bila, baina ezin dio aurre egin nire indarrari”.

Gezurra badirudi ere gaztetan ez da kirol asko egindakoa Elizalde. “Futbolean ibiltzen ginen lagun artean eta herriko taldean jubeniletan, baina ez gehiago. Pilotan berriz, gutxi; kaskarra zen Miranda de Arga gure jaioterriko frontoia, eta etsigarria zen pilota kalera eta edonora joaten zitzaigulako ikustea”.

Gerriak arin-arinak eta eskuak horren indartsuak edukitzeko zein den formula galdetuz gero, baratza aipatzen du berehala. “Trentxikira pasiatzera joaten naiz askotan, baina nik uste baratzan aritzeak laguntzen didala. Miranda de Argan lur zati bat daukat eta hara joaten naiz maiz. Hernialden, alaba eta suiaren baratzatxoan aritzea ere gogoko dut. Aitzurra astintzeak, gorputzari on egiten diola esango nuke. Suiak makina ekarri zuen lurra jorratzeko niretzako, baina hantxe dago bazterrean utzia. Utikan makina, sasoian nagoen bitartean! esan nion”.

Teodoro Elizegi 1935ean jaio zen Miranda de Argan, eta 1968an heldu zen Andoainera. Bertako emakume batekin ezkondu zen. Inquitexen eta Silen lantegietan zenbait urtetan aritu ostean, Cenian egin zituen azken urteak langile gisa”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!