Ekainaren 29an, San Pedro egunarekin bat eginez, bertso-saioa antolatu zuten auzoko elizatxoan. Kaletxiki jaietan murgilduko da, asteburu honetan. Bizpahiru egun falta direla, auzunean bertan topatu ditugu Jai Batzordeko zenbait kide, antolaketako azken ukituei helduta. Imanol Etxeberria mintzatu zaigu, Jai batzordeko gainerako kide guztien izenean.
Tourra zela-eta, aste bete atzeratu behar izan duzue jaia. Buruhausterik edo arazorik eragin al dizue aldaketa horrek?
Ez nuke esango buruhausterik eragin digunik. Egia aitortzera, eta, antolakuntzari begira, aste bat gehiago eduki dugu prestaketak egiteko.
Egitarauko ekitaldi gehienetan parte-hartzaile finkoak izaten ditugu. Eta, horien kasuan, aste batean edo hurrengoan jarri, berdin zaiela iruditzen zaigu. Izatekotan ere, kalteaz hitz egin dezakegu, baldin eta kontuan hartzen badugu batzuren-batzuk, aurretik erabakita zeukatela asteburu honetan oporretara joatea.
Sanferminak Lesakan eta Iruñean, asteburu berean. Horrek ere jenderik ez al die kenduko Kaletxikiko jaiei?
Txantxetan, esaten ari gara nola deitu diguten Iruñetik eta Lesakatik eskatuz, arren, ez ditzagula jai dotoreak egin, ez dutela lehiakiderik nahi-eta. Serio hitz eginda, esango nuke Kaletxikiko jaiek bere publikoa duela. Kaletxiki, kaletxikitarrak eta Kaletxikiko jaiak maite dituena da. Fidela da, hutsik egiten ez duena, eta, alde horretatik, ez dugu jaitsierarik aurrikusten.
Nor da Kandido, aurten? Eta zeintzuk dira bera izendatzeko arrazoiak?
Andoni Alvarez da aurtengo Kandido. Kaletxikitarra izatea edo Kaletxiki auzoarekin harreman bereziren bat edukitzea dira aintzat hartzen dugun baldintza. Andoni Alvarez Leteren kasuan, gogoan hartu dugu auzokoa dela, eta beti izan dugula laguntzaile jaietan, aurten XVI. edizioa betetzen duen Eskupilota Topaketa antolatzeko orduan, batik bat. Bestalde, auzotar bat Andoaingo alkate izatea ere harro sentitzeko modukoa dela iruditzen zaigu.
Ostiral gauean, bakarrizketen saioaren ordez, Rockalean elektrotxaranga eta Gozategi antolatu duzue.
Apustu sendoa egin dugu ostiral gauarekin, eta ohartu gara inguruan ikusmina sortu duela. Dantzazale eta festazale dezente gerturatuko dela espero dugu. Kandido eta bere Txikitxuei ongietorria egin ostean, bokatafari herrikoia prestatu dugu. "Antikrisis" deituz ezagunak egin diren ogitartekoak jarriko ditugu salgai, merke samar, eta agudo, kale giroan martxa bizia zabaltzen espeziala den Rockalean elektrotxarangak ekingo dio.
23:30etik aurrera, azkenik, Gozategiren dantzaldia izango da.
Zer esango zenieke irakurleei Kaletxikiko jaietara hurbil daitezen?
Beti esaten dugun arrazoi berbera, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak direla, alegia! Betiko-betiko ekitaldiak topatuko dituzte bertan, auzotarrek eta auzoz kanpotik datozenek jai-giroa ziurtatuta eduki dezaten, hiru egunez. Kariñorik eta ilusiorik handienarekin prestatu dugu makina bat ekitaldi, adin eta gogo diferenteak asebetetzeko asmoz: sagardo lehiaketa eta dastaketa, haur eta helduen danborrada bana, esku-pilota, dantzaldiak eta kontzertuak, Soka Dantza, arrantza tailerra, haur eta helduentzat jolasak...