Basteroko bileran, zenbait hobekuntza identifikatuta, horiek lantzeko elkarlanean jarraitzeko konpromezua hartu zuten eragile guztiek. Bestalde, udal gobernuak, epe hurbilean Kultura Mahaia deituko zuela iragarri zuen, Udalaren eta eragileen arteko loturak sendotu asmoz.
Hona zabaldu duten oharra:
“Asteazken honetan elkartu da Sanjuan jaietako Jai Batzordea aurtengo edizioko balantzea egin asmoz, eta udal gobernuak lehen balorazioan esandakoaren ildotik mintzatu da; jaiak oso parte-hartzaileak izan dira, oro har, eta giro onean garatu dira.
Bereziki izan da azpimarragarria jai batzordearen arabera eragile guztiek izan duten inplikazioa, harrera eta eman duten erantzuna. Jaiak garatzeko ezinbesteko katebegi dira eragileak, eta inoiz baino ageriago geratu da aurtengo edizioan. Badira, edonola, konpondu beharreko edo hobetu beharreko zenbait aspektu; horiek modu egokian bideratzeko lanean segitzeko konpromezua hartu dute alde guztiek.
Aipagai izan dituzten berritasun nabarmenen artean mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokitu diren espazioak izan dira. Jaietako ospakizun azpimarragarrienetan espazioa egokitu zaie horietaz disfrutatzeko aukera berdintasunean izan zezaten; Ackzesible taldeak proposatu eta Udalarekin elkarlanean garatu den iniziatiba izan da, bi aldeek oso baikor baloratu dutena. Etorkizunean ildo horretan lanean jarraitzeko konpromezua hartu dute.
Jaiak igarota, epe hurbileko etorkizunera begira jarri dira Udala eta kultur eragileak. Kultura Mahaia deituko da, epe laburrean, herriko diagnosi partekatua egiteko kultur eragile zein norbanakoekin; beharrak zeintzuk diren aztertu eta etorkizuneko erronkei modu partekatuan heltzeko aukerak aztertuko dira bertan, besteen artean. Udala eta eragileak eskuz esku aritzea nahi du udal gobernuak, harremanak indartzeko, parte-hartze guneak sustatzeko, edota aldaketa edo hobekuntza prozesuak elkar elikatzeko”.