Harrigarria izaten da, baina nonbaitetik irteten zaio play-backeko jaialdian oholtzara ikuskizun batekin igotzeko kemena Gasparri.
Asteburuko ohiko formatua berreskuratu duzue.
Hala da, bai, eta pozik gaude. Iaz pandemia ostea egokitu zen, eta beldurrak-eta abarrak zirela-eta, ez genuen nahi genuen guztia antolatu ahal izan; egun bakarreko jaiari eutsi behar izan genion. Aurten, jada, normaltasunari heldu ahal izan diogu, eta ahal izan ditugun festarik duinenak eta erakargarrienak prestatu ditugu. Ea festa zaleen gogokoak diren!
Antolakuntzan, zer moduz ari zarete moldatzen?
Justu-justuan gabiltza, urtero bezala! Orokorra da boluntarioen falta, edozein eratako gizarte nahiz kultur elkarteetan, eta Karrika ez da salbuespena. Hori bai, Karrikan beti eduki ditugu gertu kolaboratzaileak, honetan ez bada hartan lagunduko digutenak, eta eskertzekoa da hori. Aparte, aipatu nahi nituzke udalak ematen digun diru-laguntza, programan iragarkia sartu duten komertzio eta enpresak, edota, Coviran janari-dendako produktuekin osatutako zazpi saskiekin egingo diren zozketatarako zenbakiak salgai jarri dituzten Nairu, Daico eta Itsaso tabernak eta Coviran bera.
Ostiralean, hasteko egitarau erakargarria jarri duzue.
Horretan gaude sinetsita! Txupinazoaren eta Zumba erakustaldiaren ostean, musikazaleen arreta deitzeko moduko ilunabar-gau polita eskainiko digute Aurora Beltran abeslariak eta Dukkha eta The Grace of Dionisus rock taldeek. Bokata-afaria ere antolatu dugu era guztietako bokatekin, eta horrela, bertaratzen direnei Karrikako plazan ordu batzuk gustura igarotzeko arrazoirik ez zaie faltako.
Larunbatean, danborrada kendu duzue.
Auzoko haur, gazte eta helduek batzen dituen ekitaldi parte-hartzailea, zoragarria izaten da. Baina, aurten, tamalez, bertan behera utzi behar izan dugu. Diruz eskas ibiltzea da horren arrazoia, izan ere, iaz ezin izan genuen ipini udal-laguntzekin batera diru-sarrera nagusi izan ohi dugun txosna. Handik eta hemendik murriztera eta merkezurrean ibiltzera kondenatuta gaude, eta, horren ondorioz, danborrada ez ezik, txokolate jatea ere kendu behar izan dugu. Ez dakizu zenbateko mina eta lotsa ematen digun horrela ibili beharrak!
Igandeko playblacka, horri eutsi diozue.
Sakratua da ekitaldia! Mundu mailan horrexegatik garela ezagunak esan ohi dugu auzotarrek, txantxetan! 1980an antolatu ziren lehenbiziko aldiz jaiak auzoan, eta sekula ez du hutsik egin ekitaldiak. Beti izan duen arrakastaren seinale. Jada jendea ari zait galdezka kalean, egingo ote den ala ez. Aurrez ari gara sumatzen ikusmina, bertan parte hartzeko nahiz ikusle izateko.
Zu zeu, oholtzara igo eta dantzan hasteko askorik behar ez duen horietakoa zara.
18 urterekin igo nintzen 1980an, jaiak antolatzen hasi ziren urte berean, eta harrezkero beti atera izan naizela esango nuke. Ez naiz ez dantzaria, ez antzerkilaria eta gutxiago musikaria, baina gorputzak eskatzen didan zerbait da. Azkeneko asteetan, antolakuntzako erantzukizunek ez didate utzi show handirik prestatzen, baina askorik ere ez dut behar. Peluka burura eraman, edozer trapu soinean jantzi, eszenatokira igo, eta eraldatu egiten naizela esango nuke. Beste pertsona edo pertsonaian bilakatzen naiz.
Auzotarrei eta gainerakoei gonbitea luzatuko nieke, anima daitezen parte hartzera. Lotsa edo barregarri geratzeko izua uxatu, eta igo daitezela oholtzara! Festarako gogoa da funtsezkoa, zeuk ondo-pasa eta ingurukoak ondo pasa arazi. Ez ahaztu Karrikako playbackean biltzen den publikoa esker onekoa dela, eta badakiela estimatzen oholtza gainean mozorrotu den horren ahalegina eta meritua.
Saskiak, zozketan
Coviran janari dendako produktuekin 7 saski zozketatuko ditu jai batzordeak. Zenbakiak euro batean, salgai daude honako komertzioetan:
- Coviran janari denda
- Daiko taberna.
- Nairu taberna
- Itsaso kafetegi