[In Memoriam]

Gu sortu ginen enbor beretik...

Irunberri Elkartea 2023ko uzt. 22a, 08:34

Ekainaren 15ean joan zen Maria Jesus Madinabeitia Letamendi herrikidea gure artetik. 63 urte betetzeko bidean zen, gogor heldu nahi izan zion bizitzari azken egunera arte, baina gaixotasun gaizto batek eraman du halabeharrez. 

Familia giroan, kalean, elkartean, lagunartean... bizitasun eta kemen handiko emakume gisa ezagutu genuen, beti. Makina bat arrazoi zituen bizitzen segitzeko, eta horiei bat berezi-berezia batu zitzaien martxoan mundura etorri zen Enara biloba txikiarekin; bizipoza gertatu zen, benetan, Maria Jesusentzat.
Andoaingo herriari eta gizarteari begira, hasiera-hasieratik sinetsi zuen Irunberri elkartearen premiaz. Ondo jabetuta zegoen bertako euskaltzale, abertzale eta soberanisten topagune izango zen leku batek Andoaingo herriari eta gizarteari ekar ziezaiekeen ongizateaz herrigintzan, kulturgintzan, naziogintzan, bizikidetzan... Eta horrexegatik, lehenbiziko bultzatzaileetakoa izan zen elkarteak ateak ireki zitzan 1998an.

Alde horretatik, aitortza zor diogu, irmoki bezainbat eskuzabaltasunez jarraitu zuelako sinesten elkartean, elkartearen egitasmoan eta elkartea osatzen dugun guztiongan. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!