Etxeberrietako Jaiak 2023

1977ko Euskaldunako jokalarien balentria goraipatuko dute Etxeberrietan, igandean

Xabier Lasa 2023ko uzt. 27a, 08:31

1977an jubenilen mailan Liga Nazionalera igotzea lortu zuten Euskaldunako jokalariak hartuko dira gogoan bereziki Etxeberrieta auzoko jaietan, igandean. Mendea bete duen Euskalduna futbol taldearen historian atal distiratsuenetakoa idatzi zuten Luis Ferreirok entrenatzen zituen jokalariek.

Argazkian, Euskaldunako jubenilen taldeko zenbait jokalari ohi Kotoi elkarte aurrean, uztailaren 21ean. Zutik, ezkerretik hasita: Pablo Jauregi, Joseba Egibar, Narciso Matute eta Celestino Perez. Eserita: Jose Joakin Garin, Jose Antonio Usandizaga, eta Delan Irazu (Jai Batzordeko kidea).

1976-1977 denboraldian, Euskaldunako jubenil A taldean, honako jokalariak aritu ziren: Loreto Sanchez eta Joxe Mari Lopez Zarraga (atezainak), Rafael Garmendia, Javi Garcia, Joseba Egibar, Jose Joakin Garin, Juan Migel Mendizabal, Jose Iruin, Eduardo Velaz, Patxi Ormaetxea, Juan Sueskun, Pedro Gaztañaga, Antonio Mujika, Pablo Jauregi, Constantino Perez, Jose Mari Fadrique, Manolo Garcia, Narciso Matute eta Jose Antonio Usandizaga.

Luis Ferreiro zuten entrenatzailea, Ondarreta ikastetxeko irakaslea ogibidez. Jose Galparsoro zen Euskaldunako presidentea orduan.

 

1976-1977ko denboraldiko taldea, Berazubin (Tolosa), Gasteizeko Nevosa taldeari 1-0 irabazi ostean, Liga Nazionalera igotzea lortu zuen egunean. Zutik, ezkerretik hasita: Loreto Sanchez (atezaina), Rafael Garmendia, Javi Garcia, Joseba Egibar, Jose Joakin Garin, Jose Iruin, Eduardo Velaz, Joxe Mari Lopez eta Luis Ferreiro (entrenatzailea). Makurtuta, Antonio Mujika, Pablo Jauregi, Constantino Perez, Joxe Mari Fadrique, Manolo Garcia, Narciso Matute eta Jose Antonio Usandizaga. (Argazkia: "SD Euskalduna Andoaindarra. 75. urteurrena" liburua).

 

Jokalari horietatik sei, Pablo Jauregi, Joseba Egibar, Narciso Matute, Celestino Perez, Jose Joakin Garin eta Jose Antonio Usandizaga, Kotoi elkartean bildu ziren joan den uztailaren 21ean, 1977ko balentria zertan izan zen kontatzeko. Etxeberrietako Jai Batzordeak deitu zituen elkartera, izan ere, uztailaren 30ean, Cabrejas memorialaren ostean, omenaldia jasoko baitute.

Omenaldi ekitaldirako orduko plantillako makina bat jokalari biltzekoak dira nonbait. Izan ere, Kotoin agertu ezin izan zuten beste zenbait jokalariek eman dute hitza bertaratuko direla igandean.

Kotoin bildu ziren sei jokalari ohiek eskerroneko agertu ziren, pozik Etxeberrietan haiekin eta 1976-1977ko igoerarekin gogoratzeko keinua eduki dutelako. Aitortu zuten beraientzat festa polita izango dela igandekoa omenaldia, aukera ederra izango baita aspaldiko lagun zaharrak berriro besarkatzeko eta kontu zaharrak berritzeko. Noski, 1976az geroztik hil diren talde kideak (Eduardo Velaz, Rafael Garmendia, eta, Jose Mari Fadrique) ere gogoan edukiko dituztela erantsi zuten.

Zailtasunez beteriko igoera Hurrengo denboraldian Liga Nazionalean jokatzeko txartela Berazubin lortu zuen taldeak Gasteizko Nevosa taldeari 1-0 irabazi eta gero, 1977ko ekainean. Ordurarte taldeak gainditu behar izan zuen ibilbide neketsu guztia azaldu zuten Kotoira hurbildu ziren jokalari ohiek. Estatuan, jubenilen taldeek zonaldeka jokatzen zituzten Liga Nazionalak. Horietako bat Nafarroa, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Kantabriako talde onenek osatzen zuten. Kalitate goreneko talde bakanentzat erreserbatutako ligak izaten ziren, estatu osoan. Eta hortaz, zailtasunez beteriko kirol ibilbidea gainditu behar izaten zen liga horietan jokatzeko eskubidea lortu ahal izateko.

Hasteko, nork bere herrialdean nabarmendu behar izan izaten zuen, Horixe egin zuen Euskaldunak.

 

Igoerarako txartela, Tolosan

“Gipuzkoan, liga eskualdeka jokatzen zen, eta gure taldean lehen postua eskuratu genuen. Hortik aurrera, eskualdeetako txapeldunen arteko kanporaketa faseari ekin genion. Horrela, Easo, Touring eta Eibar taldeak gainditu genituen. Eta azkenik, final modukoa jokatu behar izan genuen, Berazubin, Araban garaile irten zen Nevosa gasteiztarraren aurka”.

Arabako eta Gipuzkoako txapeldunak, aurrez aurre, eta jokoan, hurrengo denboraldian Liga Nazionalean jokatzeko txartela.

1-0 irabazi zuten final gogoangarri hartan, Manolo Garciak sartu zuen golari esker. Denboraldi hartako estatistika ondo gordeta daukate memorian seiek ere. “Marka paregabea utzi genuen: partidu bat ere ez genuen galdu denboraldi oso-osoan. Gure hiru aurrelariek, Manolo Garciak, Celestino Perezek eta Narciso Matutek, betekada ederra hartu zuten partiduz partidu, golak sartu eta sartu”.

Berazubiko finalera itzulita, seiek Kotoiko solasaldian gogoratu zuten Andoaindik joandako ehunka zaleturen babesa jaso zutela. “Berazubiko harmailak bete egin zituzten; partiduan zehar egundoko animoak eman zizkigun txaranga ere eraman zuten".

Andoainen, udal ordezkariek harrera ofiziala egin zieten, oroigarri bana emanez batera. Eta handik egun batzuetara, Joxe Galparsoro presidente zuen zuzendaritza batzordeak afaria eskaini zion taldeari, Uranga tabernan. “Ez pentsa diru-saririk jaso genuenik, gizarteak ez ezik Euskalduna klubak ere krisi ekonomikoa bizi zuen, eta ez zeuzkan sosak soberan”.

Jokalariek klubeko zuzendariekin Uranga tabernan ospatu zuten afarian, igoera lortu ostean (Argazkia: J.J. Zatarain).

 

Luis Ferreiro, entrenatzailea

Horrenbesteko kirol arrakastaren zergatia galdetuz gero, Kotoin mintzatu ziren seiek (Jauregi, Egibar, Matute, Perez, Garin eta Usandizaga) antzeko arrazoia azaldu zuten: “gutako inor ez zen nabarmentzen egundoko jokalaria izateagatik. Talde konpaktua osatzen genuen guztiok ere”.

Nolanahi ere, Luis Ferreiro entrenatzailea aipatu zuten guztiek, arrakastaren zati bat hark eduki zuela zehaztuz. “Luis Ferreiro zen, Ondarreta ikastetxeko irakaslea. Handik urte gutxietara, Benidormera joan zen eta hango ikastetxeko zuzendaria izan zen. Gurekin ari zela, Nazional mailako entrenatzaile titulua lortu zuen; promozio hartan, bigarren geratu zen, Xabier Azkargortaren atzetik. Artean ezezagunak ziren teknika berritzaileak aplikatu zituen gure entrenamenduetan ezarri zituen, serieak, gimnasiako ariketak (Extremadura kalean udalak zeukan lokal batean), erresistentzia probetan oinarritzen den Cooperren testa.. Jokalari-taldea ondo zekien kudeatzen, sentimendu kolektiboa eta bake-giroa nagusi izan zitezen”.

Jubenil mailako Euskalduna, 1976/12/12an, Realak eta Athleticek ikurrina Atotxako zelaira atera eta handik astebetera. Ezkerretik hasita. Ramon Ruiz, Loreto Sanchez, Joseba Egibar, Narciso Matute, Jose Iruin, Pablo Jauregi eta Manolo Garcia. Makurtuta, Rafael Garmendia, Constantino Perez, Jose Antonio Usandizaga, Jose Mari Fadrique eta Antonio Mujika (Argazkia: "Euskalduna K.E. Hirurogeita hamasei denboraldi (XX-XXI mendeak)" liburua).

 

Etxeberrietako lokatzetan maisu

Taldea ez zen inondik inora, baloia asko “ukituz” joko ikusgarria egiten zuen horietakoa. “Jakin izan bagenu ere, nola egin Etxeberrietako zelai lokaztuan? Zelai horren baldintza makurretara mugatzen zen gure jokoa. Baloiari ostikoa eman eta aurrera!”.

Teknika aipatzen hasita, zenbait martingala txiki aipatu zuten Kotoiko solasaldien, jokalari ohiek. “Zelaira atera aurretik, lehenbizi, aldagelan, botak ondo lotzen genituen gero lohitan ez genitzan galdu; horretarako, botei, azpitik bi edo hiru buelta ematen genizkien lokarrietan, eta gero, normal lotu korapiloekin. Zelaian, berriz, baloia plast! lohitara itsatsita geratzen zenean, bota puntarekin ttak! Pittin bat altxa, eta bigarren ahaleginean, ostikada sendoa ematen genion baloiari. Teknika horretan, Mendizabal zen abilena”.

 

Liga Nazionalean 1977-1978 denboraldian

1977-1978 denboraldian Liga Nazionalari aurre egiteko, Euskaldunak nahiko talde berritua prestatu behar izan zuen, izan ere, aurreko urteko sei-zazpi jokalarik 18 urteak gainditu baitzituzten eta ezin izan baitzuten jarraitu jokatzen. Hortaz, Jubenil B taldetik igotako zenbat jokalariekin eta ondoko herrietatik ekarritako lau fitxajeekin (Intxauspe, Garate, Rodriguez eta Aiertza) osatu zuten plantilla.

Euskalduna Andoaindarra taldeak, Nafarroa, Gipuzkoa, Araba, Bizkaia eta Kantabriako jubenil mailako talderik onenekin jokatu zuen Liga Nazionala. Hona zeintzuk osatu zuten liga (sailkapenean geratu ziren ordenan): Racing Santander, Athletic Bilbao, Real Sociedad, Durango, Añorga. Baracaldo, Tapicerias Rio, Chantrea, Iruña, Euskalduna, Lengokoak, eta Salesianos.

1977-1978 Jubenil mailako Liga nazionaleko Euskalduna. Zutik, Patxi Ormaetxea, Migel Intxauspe, Juan Migel Mendizabal, Jose Iruin, Joseba Egibar eta Jose Aiertza. Makurtuta, Sotero Privado, Juan Garate, Jose Antonio Usandizaga, Narciso Matute eta Manuel Lavado (Argazkia: "SD Euskalduna Andoaindarra. 75. urteurrena" liburua).

 

Izugarrizko maila zeukan liga hark. Aurkarien artean, gerora lehen mailara heldu ziren zenbait izen aipatu zituzten Kotoiko tertulian, Joxe Mari Bakero, Jose Luis Mendilibar, Luis de la Fuente...”.

Talde batzuen eta besteen futbol mailari erreparatuta, liga bitan banatu zela aitortu zuten. “Elitekoa, Santanderrek, Athleticek eta Realak, eta bigarrena gainerakoek bigarrena. Bigarren talde horretan, jaisten ziren hiru azkenekoetatik libratzeko lehia bizian jardun genuen denboraldi osoan. Gogor aritu ginen, baina bi puntuengatik ez ginen geratu laugarren, atzetik hasita. Bi puntu gehiago lortu izan bagenitu, salbatuko ginen”.

Azkenean atzetik hasita hirugarren, jaitsiera postuetan amaitu arren, oroitzapen gozoak gorde dituzte orduko jokalariek. Pasadizo ugari gogorarazi zizkioten elkarri Kotoi elkartean egin zuten bilkuran, eta Santanderren Sardinero zelaian jokatu zuten norgehiagoka aipatu zuten gehien, beharbada. “Ligako talderik sendoena zen, eta 7-2 galdu genuen. Zazpi goletatik, bost kornerrez sartu zizkiguten. Ligako talderik sendoena zen, kalitate tekniko handiko jokalariak ziren, eta garbi jokatuta garaituko gintuzten seguruenera. Baina zelaira lezioa ondo ikasita atera ziren, zikin jokatzeko intentziarekin. Irainak batetik, eta bestetik, juxtu gure aurkako kornerrak ateratzen zituzten unean, barrabiletan kolpea ematen edo ipurtzuloan behatza sartzen saiatzen ziren".  

Santanderren bizitutako anekdota hura eta makina bat gehiago oroitu ahal izango dituzte 1976-1977 denboraldiko Euskaldunako jubenilek, Etxeberrietako jaietan datorren igandean jasoko duten omenaldi ekitaldian.

 

Roberto Cabrejas memoriala: krosa eta omenaldia

Roberto Cabrejas Cuadrado (1952-2001) altuera jauzilariaren izena daraman krosa eta omenaldi-ekitaldia ospatzen da Etxeberrietako jaietan urtero, 2008az geroztik. Rabanera del Pinar (Burgos) herrian jaio, eta txikitan, familiarekin Etxeberrieta auzora bizitzera etorri zen.

Besteak beste, bost txandetan altuera-jauzian Espainiako txapelduna izan zen, eta behin dekatloian; 1980ko Moskuko Olinpiar Jokoetan parte hartu zuen. Altuera jauzian 2,26 metrokoa da bere markarik onena (oraindik egungo euskal errekorra da). Atletismoa utzi ostean, Kataluniako Errendimendu Handiko zentroan teknikari gisa jarraitu zuen, harik eta 2001ean auto istripuz hil zen arte.

Hona Etxeberrietan kirolari omenduak, urtez urte:

* 2008: Roberto Cabrejas.

* 2009: Pablo Izagirre, ziklista ohia.

* 2010: Gurutz Gantzarain, ziklista ohia.

* 2011: Bea Garcia, Añorga eta Bartzelonako futbolari ohia.

* 2012: Luke Unanue, pala jokalari ohia (munduko txapelduna).

* 2013: Agustin Arrieta, Betis eta Santanderreko futbolari ohia.

* 2014: Toti Martin, boxeolari ohia.

* 2015: Rosa Montero, korrikalari ohia.

* 2016: Andoaingo lehen emakume futbolariak.

* 2017: Xabier Bitoria, erremonte jokalari ohia.

* 2018: Pako Agirre, Euskalduna eta Alaveseko futbolari eta entrenatzaile ohia.

* 2019: Bixente Huizirekin atletismoan 70eko hamarkadan jardun zuten lehen emakume gazteak.

* 2022: 80 eta 90eko hamarkadetan, Kontxako zazpi bandera irabazi zituzten Ansa, Azpillaga, Artola, Eizmendi, Jauregi eta Irulegi arraunlari ohiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!