Irekita dago Martin Ugalde ipuin-sariketan parte hartzeko epea

Aiurri 2023ko uzt. 27a, 11:34

Hemen da XVII. Martin Ugalde ipuin lehiaketa. Hori horrela ireki da, jada, lanak aurkezteko epea. Urriaren 6ra bitarten izango dute Andoaingo eta inguruko herrietako bizilagunek parte hartzeko aukera. Antolatzaileen esanetan, gazte eta gaztetxoen artean idazteko zaletasuna bultzatzea du xede sariketak. 

Andoaingo Udaleko Kultura batzordearen onarpenez, honatx izena emateko bete beharreko oinarriak
1. Partaideak Andoain, Aduna, Asteasu, Amasa-Villabona, Larraul, Urnieta eta Zizurkilgo gazteak izango dira.

2. Ipuin lehiaketara 10 urtetik 17 urtera bitarteko edozein neska-mutilek aurkez dezake bere ipuina.

  • Lanak egile bakarra izan behar du.
  • Partaide bakoitzak lan bat edo gehiago aurkez dezake.
  • Lanek originalak eta argitaratu gabeak izan behar dute. Baldintza hau ez betetzeak, zigorra ekar lezake: saria bueltatzea eta hurrengo deialdietan lehiaketa honetara aurkeztu ezin izatea.

3. Lehiaketa lau mailatan banatuko da, eta mailaren urteak kalkulatzerakoan jaiotze urtea hartuko da kontuan.

  • A.maila : 10 - 11 urtekoena (2013 eta 2012 urteetan jaiotakoak)
  • B.maila : 12 - 13 urtekoena (2011 eta 2010 urteetan jaiotakoak)
  • C.maila : 14 - 15 urtekoena (2009 eta 2008 urteetan jaiotakoak)
  • D.maila : 16 - 17 urtekoena (2007 eta 2006 urteetan jaiotakoak)

4. Gaia librea izango da, eta hizkuntza euskara izango da.

5.  A. mailako lanek gutxienez 2000 eta gehienez 6000 karaktere izango dituzte eta B. C. eta D. mailako lanek, gutxienez 6000 eta gehienez 16000 karaktere izango dituzte. Kasu guztietan DINA-4 neurrian aurkeztuko dira ordenagailuz idatzita. Lerroartekoa bikoitza izango da, justifikatua eta letraren tamaina arial 12koa.

6. Lanen aurkezpena. Urriaren 6an. Lan originala, paperean, Bastero Kulturguneko harreran entregatu ahal izango da. Posta elektronikoaren bidez ipuinak, martinugalde @andoain.eus helbidera bidaliko dira.

7. Lanekin batera, gutun-azal itxi bat aurkeztuko da. Gutun-azalaren barnealdean lanaren egilearen izen-deiturak, jaiotze data, helbidea, telefonoa eta adina jarriko dira. Baita ikasten duen ikastetxearen izena. Gutun-azalaren kanpoaldean, berriz, lanaren izenburu berbera eta egilearen jaiotze urtea soil-soilik. Informazio bera eman beharko da posta elektronikoaren bidez bidalitako lanetan.

8. Era berean, derrigorrezkoa izango da, lanarekin batera hirugarren oinarria betetzen dela egiaztatzen duen zinpeko aitorpena aurkeztea. Hau da, ipuina argitaratu gabekoa dela eta beste lehiaketa edo sariketa batzuetan inolako saririk jaso aez duela egiaztatzen duen aitorpena. Zinpeko aitorpen hori gutun azalaren barruan sartuko da esandako datu pertsonalekin batera.

9. Sariak honakoak izango dira maila bakoitzerako:
A. maila
1. saria 100 euroko bonoa + ipuin liburua
2. saria 70 euroko bonoa + ipuin liburua

B. maila
1. saria 110 euroko bonoa + ipuin liburua
2. saria 80 euroko bonoa + ipuin liburua

C. maila
1. saria EIEaren Saria (*) + ipuin liburua + 250€-ko bonoa
2. saria EIEaren Saria (*) + ipuin liburua + 150€-ko bonoa

D. maila
1. saria EIEaren Saria (*) + ipuin liburua + 300€-ko bonoa
2. saria EIEaren Saria (*) + ipuin liburua + 200€-ko bonoa

10. Epaimahai aditu batek erabakiko du lan sarituak zeintzuk diren. Andoaingo Udalak bere ordezkaria izango du epaimahaian, eta idazkaria ere izendatuko du.

11. Sariak eman gabe utz daitezke aurkeztutako lanek Epaimahaiaren iritziz behar adinako kalitaterik ez badute.

12. Lan sarituak Udalaren esku geldituko dira, eta egoki iritziz gero argitaratu egingo ditu, baina ez da horregatik jabetza eskubiderik izango. Horretarako, saritutako lanak formatu digitalean entregatu beharko dira saria jasotzen den egunean USB batean edo, bestela, emailez ere bidali daitezke ipuinak.martinugalde @andoain.eus helbidera. Dokumentuaren formatua .doc, .docx edo .odt beharko du izan.

13. Parte-hartzaileek antolatzaileak salbuetsi egiten dituzte parte-hartzaileek egin lezaketen plagioagatik edo indarrean dagoen legediko beste edozein lege-urratzerengatik ondoriozta daitekeen edozein erantzukizunetatik.

14. Sarituak izan ez diren lanak azaroaren 13an eta 14an jaso ahal izango dira. Jasotzen ez diren lanak puskatu eta bota egingo dira.

15. Sari banaketa azaroan egingo da, aldez aurretik adieraziko den egunean eta orduan. Sarituei telefonoz jakinaraziko zaie sari banaketa noiz eta non egingo den.

16. Baldintza hauetan zalantzarik balego, hautaketa egiten duen epaimahaiaren iritzia izango da nagusi, horren erabakia apelaezina izango delarik.

17. Lehiaketa honetan parte hartzeak, baldintza hauek goitik behera onartzen direla adierazten du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!