Auzoz auzoko bisitaldien lehen erronda amaituta, irailean ekingo dio berriro Udal gobernu taldeak

Aiurri 2023ko uzt. 29a, 10:28

Udal gobernu berria, sailez sail ekimena hartzearekin batera, udalerriko auzuneetara gerturatu da. Beharrak bertatik bertara antzemateko bisitaldiak izan dira, irailetik aurrera zeregin berriekin ekiteko.

Uztailean Karrika, Buruntza, Zumea eta erdigunea, Alejandro Calonge, Bazkardo eta Etxeberrietan izan dira. Eta irailean jarraipena izango duela iragarri dute: La Salle etorbidea eta inguruak, Kaletxiki, Goikoplaza, Doktor Huizi eta inguruak, Sorabilla eta Goiburu.

Alkateak, udalaren oharrean, poza agertu du jaso duen erantzunarekin: "Gobernu ardura hartu genuenetik, argi genuen lehen kontaktua, oro har, herritarrekin izan behar zuela. Ekimen zinez aberasgarria ari da izaten. Udal gobernua jakitun zen beharrak asko direla, auzo guztietan. Orain arte egin ditugun bisitek hori berretsi besterik ez dute egin”.

Egitekoen lan zerrenda luze horretan, diotenez, kexa eta iradokizunen gehiengoa Zerbitzuen lan-sailarekin lotuta daude, hala nola: "arratoien ugaritzea, herriko altzarien hondatzea, lorezaintzarekin loturiko auziak… kexa asko errepikatu egin dira auzoz auzo, eta horrek guztiak zer pentsatua eman beharko liguke; udal gobernua martxan da honezkero horiek guztiak bideratu edo konpontze aldera”. 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!