Sanestebanak 2023

Iraganetik datorren dantzarako gogoa Sanestebanetan

Xabier Lasa 2023ko abu. 5a, 10:20

Erromeria Maratoia antolatu dute Goiburuko auzotarrek San Esteban jaietan, abuztuaren 6rako. Apartekoa izango den ekitaldi horren aitzakiatan, atzoko eta gaurko auzo-jaiaz, oilasko-biltzeaz, dantzaz eta erromeriez mintzatzeko, San Esteban jaiak hamarkadetan gertu-gertutik bizitu izan dituzten auzoko hainbat emakume bildu ditugu orain aurretik, plazan, mahai luze-luzean. Solasaldiaren zati bat, ikusgai dago bideoz:

Gelditu gabeko Erromeria Maratoia 17:30etik 20:00etara izango da, honako hiru trikitilari bikoteek gidatuta: Oier Balzola eta Unai Andonegi, Imanol eta Leire Astiasaran, eta, Agurtzane eta Jon Elustondo anai-arrebak.

2019ko abuztuaren 3an, San Esteban jaiekin gozatzen ari zela hil zen Lontxo Iraola Bengoetxearen omenez antolatu dute aparteko erromeria jaia. Erromeriz-erromeri trikitixa eta dantza zituen maite 66 urteko amasarrak; San Esteban jaitan hutsik egiten ez zuen horietakoa zen, eta horrexergatik hartu dute kontuan.

Goiburuko plazako mahai mitikoan uztailaren 10ean jarri genuen hitzordura, Nati Munain, Eugeni Lopez de Munain, Angeli Lopez de Munain, Axun Jauregi, Tere Lopez de Munain, Mari Zipitria eta Mari Karmen Txapartegi bertaratu ziren. Ondoren batu ziren talde horretara, egun Jai Batzordeko kideak diren Miren eta Maitane Lopez de Munain ahizpak.

Nati Munain, Eugeni Lopez de Munain, Angeli Lopez de Munain, Axun Jauregi, Miren Lopez de Munain, Maitane Lopez de Munain, Tere Lopez de Munain, Mari Zipitria eta Mari Karmen Txapartegi Izaro eta Aitor bilobekin, uztailaren 10ean egindako solasaldian.

 

Erromeriak dakarren ilusioa

Hizketan hasi, eta agudo antzematen zaie ilusioarekin egin diotela harrera iganderako auzoko gazteek burutzekoa duten ekimenari, erromeria maratoia. Erdi barrez aitortu dute hiru ordutara ez dela luzatuko euren dantza-saioa, jakina, baina plazan dabiltzan gazteei tarteka lekukoa hartzeko prest agertu dira. “Gu zahartu gara -dio Mari Zipitriak- baina badakizu zer egingo dugun? Gazteak ikusten baditugu nekatuta, hartuko diegu erreleboa eta plaza betetzen segiko dugu. Emango diegu denbora arnasa hartu dezaten. Gero, gazte horiek berriro ekingo diote aisa, indarberrituta”.

Aipatu dute Goiburuko plaza beti izan dela leku aproposa sueltoko dantzarako, eta oroimenean atzera joanda, Eugeni Lopez de Munainek gogoratu du lehen ere, behin edo behin, nola bota izan zioten erronka elkarri, dantza saio luzeak egiteko. “Guk, aspaldi-aspaldi, ordu betekoa egin genuen, erreleborik gabekoa, “ezetz dantza egin” apustua elkarri luzatu eta gero. Geratu gabe aritu ginen. Jose Luis Ponce Otietakoa eta Juantxo Zubizarreta Zizurkilgo Karoli baserrikoa ziren orduan soinujoleak”.

Soinujoleak aipatzen hasita, San Estebango jaietan, hamarkadetan, jendea dantzan jartzeko abilidadea izan zuten hainbat musikari gogoangarri ekarri dituzte gogora: Domingo Ttanttua, Eusebio Orkaizagirre, Juanito eta Eleuterio Tapia, anaiak, Joxe Mari Oiartzabal, Andoaingo udal txistulariak (aizpuruatarrak, dianarekin)...

 

Goiburu: dantzazaleen estimazioko auzoa

Goiburuko jaiek beti erakutsi izan duten giro jatorragatik eta dantzazaleagatik izan dela estimatua baieztatu zuten mahairen bueltan bildu ziren emakumeek. Iraganean oporrez gozatzeko orduan urrunera joateko ohiturarik ez zegoenean, Sanestebanak hitzordu seinalatuak zirela asko eta askorentzat, alegia.

“Andoaingo herritik ez ezik ondoko herrietatik ere, Adunatik, Amasa-Villabonatik, Urnietatik... etorri izan da festara, urtetan eta urtetan”, Tere Lopez de Munainek zehaztu zuenez. “Oraintxe, San Estebanak aipatzen hasita, adin batetik aurrerako askok aitortuko dizute umetako kontuak etortzen zaizkiela gogora, oso oroitzapen goxoak! Nola etortzen ziren gurasoekin, bazkariko jakiez betetako saskiak eta fardelak hartuta, oinez nahiz astoak zamatuta, egun pasa!”.

Goiburuko belardiak eta zelaiak jendez lepo jartzen ziren garai haiek izan zituzten aipagai solasaldian. Nati Munainek esan zuenez, aurreko egunetan, jakitun izanik zetorkien bisitarien uholdeaz, bertako baserritarrak belardiak txukun-txukun jartzen zituzten; “sagastietan-eta belarra ebakitzen zituzten, itzala ematen zuten zuhaitz-inguruak batez ere”.

Nati Munain, Eugeni Lopez de Munain, Angeli Lopez de Munain eta Axun Jauregi.

 

Tere Lopez de Munainek erantsi duenez, beraiek umeak zirela, oso kontraste polita egiten zitzaien ikustea belardi berdeak jendearen koloretako arropez josita”.

Andoaingo kaletar ugari eta nekazari-giroko goiburutarrak elkartzen zituen festak bilakatzen ziren Sanestebanak. Egun horietan bertakoek jasotzen zituzten bisitari guztietatik, Jesus Langararen eskutik igotzen zen kuadrilla egiten zitzaien deigarriena. “Pilotari eta futbolari famatuak izaten ziren. Goizean goiz astoa zamatuta etortzen zen Langara, eta oraingo frontoiaren atzealdean, lehen Karobi-zulo deitzen genion horretan, sua egin eta salda beroa prestatzen zuen. Burruntzalia gerritik zintzilika eta mantal zuria jantzita, inguru hartatik pasatzen zen guztiari eskaintzen zion salda. Gero eguerdirako, bazkaria egiten zuen kuadrillarentzat. Egundoko festa jartzen zuten, arratsalderako, haurrentzat batez ere. Alkoholarekin su ematen zitzaien puxikak zabaltzen zituzten, eta Amasa alderaino joaten ziren aidean, eta plaza-jokoak -lasterketak-eta- antolatzen zituzten; gero propinaren bat edo ematen zieten mutil-koskorrei eta neska-koskorrei, eta denak gustura! A ze umorea ekartzen zuten plazara!”.

Andoaingo kaletik zein inguruko herrietatik halako jende “inbasioa” bizi ostean, biharamunean zikinkeri-biltzea egokitzen zitzaiela ere aipatu dute, baina baita ere hori gaitz txikitzat hartzen zutela, ikusita kanpotar horiek zenbat gozatu zuten goiburutarrekin, Goiburu auzoarekin eta San Esteban jaiekin.

 

Berez ikasteko kontua

Auzora festara igotzen ziren kanpoko kuadrilletatik, batzuk, trikitia soinean ekartzen zutela zehaztu zuten Goiburuko plazan uztailaren 10ean emakumeek egindako solasaldian. Hamarkadetan, hainbat belaunaldiek Goiburuko parajeak dibertsioarekin, dantzarekin, euskal giroarekin, arin-arin eta fandangoarekin... identifikatzen zuten seinale”.

Dantzarekin eta musikarekin ezkondutako giro berezi horretan hazitako emakumeak dira solasaldian parte hartu zutenak, eta nolaz ez, aitortu zuten erromeriarako aparteko grina izan dutela beti.

Gazte-gaztetan hartzen zutela abilidadea dantzarako, adierazi zuen Eugeni Lopez de Munainek. “Dantza akademiarik ez zen garaian, natural-natural, geure gisa ikasten genuen. Plazan bati begiratu, besteari begiratu, lurrera begira beti, eta gero etxera joanda, ganbarako ispilu aurrean, berdintsu egiten saiatu, nahiz okerxeago egin. Hori bai, koadro txikitik atera gabe, ez orain askorekin ikusten den bezala, zabalean eta koadro handian!”.

Nork bere trikimainak topatzen zituen dantzan trebatzeko orduan. Mari Zipitriak esate batera, etxeko irratiaz baliatzen zen entseguak egiteko bere gisa. “Etxean ez geneukan trikitiarik, eta Loyola Irratia edukitzen genuen etxean piztuta. Gogoratzen naiz, igual bazkaltzen denok, eta ni mahaitik atera, eta bakar-bakarrik nola aritzen nintzen dantzan”.

Izatez Aizarnakoa da Tere Txapartegi; 21 urterekin heldu zen Goiburura bizitzera, bertako seme den Juan Lopez de Munainekin ezkondu eta gero. Zestoako auzo hartan ere, euskal gaztedia igualtsu ibiltzen zela aipatu zuen. Nolanahi ere, berak itzalarekin lotutako teknika ekarri zuen gogora tertulian. “Igandetan, etxeko ganadua larrera atera, eta auzoan plazan izaten zen erromeriara joaten nintzen. Gazte batek nola egiten zuen dantza nuen gogoko, eta etxera joanda gero, hari imintzioak egiten saiatzen nintzen. Nire itzala hartzen nuen, harekin praktikatzeko; itzalak ez bazuen egiten nik plazan ikusitakoaren antzera, hor jartzen nintzen egoskor, segi eta segi ondo egin arte”.

Tere Lopez de Munain, Mari Zipitria eta Mari Karmen Txapartegi.

 

Goiburuko plaza ez zela soilik arin-arin eta fandangoa egiteko lekua izaten, gehitu nahi izan zutenez: “Bikotea gerritik heldu beharreko dantzetan ere, baltsekin, pasodobleekin eta abarrekin trebatzen zen jendea. Joxe Mari Oiartzabal akordeoilaria izaten zela espeziala beste doinu klase horietarako”.

Bestalde, plaza-dantzek mutilen eta nesken arteko harremanak errazten zituztela gogorarazi zuen Angeli Lopez de Munainek, eta erritual hori nola errepikatzen zen zehaztu zuen: “Lehenbizi neskak hasten ginen dantzan, eta ondoren, mutilak animatzen ziren, faborez eske. Eta ezetz esanez gero, kalabaza emanez gero alegia, batzuen batzuk haserretu!”.

1954ko Sanestebanetan dantzan, Felisa Aizpurua, Joakin San Sebastian, Miren Aldalur, Felipa San Sebastian eta Mari Joxepa Orbegozo, besteak beste.

 

Solasaldiko parte-hartzailetako inork umetan edo gaztetan ez zuen ezagutu apaizak plazetan gerritik heldutako dantzak bekaturako bidea errazten zutela argudiatuz galarazten zituzteneko sasoiak. Beharbada, Goiburuko auzoa eta plaza geratu izan delako nahiko urrun Andoaingo kaskotik, betidanik izan delako “Errepublika independientea”.

 

Oilasko Biltzea: mutilei gordetako dantzalekua

Oilasko Biltzearen usadioa Sanestebanetako ekitaldi nagusia izan dela beti, esan daiteke. Baserriz baserri gauzatzen den ekimena; berarekin, jai giroa, euskal tradizioak eta dantzak, umorea, elkartasuna, auzotarren arteko bizikidetza eta senidetasuna, auzo sentimendu kolektiboa... zabaltzen duen ekitaldia.

Orain 40 bat urte emakumeengana zabaldu zen arte, auzoko mutil gazteentzat gordeta zegoen tradizioa izan zen. Aurreo belaunaldietako kideak dira Goiburun solasaldirako bildu ziren emakumeak, eta horrenbestez, ukatuta eduki zuten ekitaldi horretan parte hartzeko eskubidea, eta pribilegioa. Atzera begira jartzen direnean, aitortzen dute inbidi izugarria izaten zela nagusiki ordua sentitzen zuten sentimendua. Beranduago jaio ez izanaren pena, Oilasko Biltzearen erritualaz mutilekin batera gozatu ahal izateko.

Oilasko biltzaileak Joxe Mari Oiartzabal akordeoijolearekin batera plazan, baserrietako erronda egin eta gero, 50eko hamarkadan (Argazkia: Sekundino Etxeberria).

 

“Tradizioak horrelaxe agintzen zuela pentsatu behar izaten genuen, eta onartu besterik ez zegoela”, zehaztu zuen Eugeni Lopez de Munainek solasaldian. “Hori bai, gero oilaskoak baserriz baserri bildu eta plazako joko guztiarekin bukatzen zutenean, orduan bai bilatzen zituztela emakumeak, oilaskoak lumatzen laguntzeko, egun berean afaltzeko zituztela esanez. San Esteban eta Elizondo baserrietako labetan erre eta jaten zituzten afarian. Afari horretara ere ez gintuzten gonbidatzen!”.

Emakumeen belaunaldi ugarik Oilasko Biltzean ezin parte-hartzeagatik edukitako pena hori hizpide zutela, Tere Lopez de Munainek auzokide batekin edukitako hizketa, aski ilustragarria, kontatu zuen uztailaren 10eko solasaldian, orain 40 bat urte Oilasko Biltze parekidea hasi eta handik gutxira gertatua  hain zuzen: “Auzoko gazteak baserriz baserri errondan zebiltzan bitartean, Urresistiko Nati eta biok topatu gara kalean, eta hor eduki dugu konbertsazioa, bera hasita:

- “Hor ibiliko hitun, neska eta guzti!”.

- Aizan, gure garaian hola izan bazan! Gustura ibiliko giñunan!” .

- “Baita orain ere!”.

Angeli Lopez de Munainek aitortu zuen auzotarrek emozio handiko uneak bizitzen dituztela gaur egun, bertako neska eta mutilak Oilasko Biltzearen egunean etxe aurrean azaltzen zaizkienean, “goizeko 06:00etan abiatzen dira, eta nahiko goiz ailegatzen dira gure etxea. Bada, ez dakizue ze hunkigarria izaten den, sekulako korroa egin eta dantzan hasten direnean!”.

Oilasko Biltzera emakumeak batu zireneko garaiaetan, 1992ko Sanestebanetan, Joxe Mari Oiartzabal musikariaren etxean (Argazkia: Joxe Mari Oiartzabal). 

 

Gehitu zutenez, pozgarria ere egiten zaie guztiei ere, azken urtetan ospatzen den Oilasko Biltze horretan, ikustea adin diferenteetako parte-hartzaileak; “gurasoak eta gazteak elkarrekin ibiltzea, oraingo kontuak dira. Lehen ez zen horrela, eta zoriontzekoa da aldaketa hori”.

Miren eta Maitane Lopez de Munain gaur egungo Jai Batzordeko kideek, solasaldiko emakumeei eskerrak eman zizkien, azken urtetan beste auzoen aurka egin diren herri-kirolen desafioetan parte hartzera animatu izan direlako, “oso polita izan da zuek plazan ikustea, artoak aletzen, oilaskoak lumatzen... Adinean aurrera doazen emakumeak gazteagoekin batera herri kiroletan arituz, denok irabazi dugu. Zuek, guk, auzoak, jaiak...”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!