Igande honetan egingo du debuta Ander Gallo jockey andoaindarrak, Donostiako Hipodromoan

Aiurri 2023ko abu. 10a, 09:36
Denboraldi betean da Donostiako Hipodromoa

18 urte bete berritan, debuta egingo du zaldi lasterketetan. Ander Suescun herrikidea Hipodromoan lanean ari da, eta aditua da kirol jarduera honetan. Hark eskaini dizkio Aiurriri, debutaren xehetasunak.

Adina eta gorpuzkera badu zaldi gainean lehiatzeko. Suescunek ondo ezagutzen du Gallo, eta debuta egiteko adin egokiena dela iritzi idio: “Aste gutxi dira 18 urte bete dituela. Ona da, eta gomendagarria, esperientzia hartu duelako denbora honetan. Bada 16 urterekin debuta egiten duela, baina nik uste hobe dela itxarotea eta esperientzia metatzea”.

Zaldi zalea da Gallo, txiki-txikitatik, “bere familia eta lagunak bezala. Haurra zela hurbiltzen zen, batez ere udan, Donostiako hipodromora lasterketak ikustera. Denborarekin bere afizioa ofizio bilakatu zen. Egia da jockey izateko baldintza batzuk bete behar direla. Horietako bat pisua da. 53-55 kilo inguru pisatu behar du goi mailan aritu nahi duenak. Eta horretarako beharrezkoa da fisikoki ondo egotea. Horrexegatik gomendagarria da oso altuera handiko pertsona ez izatea. Anderrek ez du orain arte arazorik izan pisuarekin, prestakuntza handirik gabe 54 kiloko pisuraino jaitsi daitekeelako”.

Debuta igandean

Bi zaldirekin lehiatuko da, igande honetan. Lehenengoarekin, Pintxopote izenekoa, jardunaldiko bigarren lasterketan parte hartuko du arratsaldeko 18:00tan hasita. Zaldiaren prestatzailea Miguel Alonso Roldan da. Suescunek iragartzen du erronka zaila duela aurrean: “Zaldia ez da faboritoen artean agertzen, eta lorpena litzateke lehen lau sailkatuen artean helmugaratzea”. Arratsaldeko 18:30etan bigarren zaldiarekin parte hartuko du, Kuko izenekoa: “Zaldiak eskarmentu gehiago du, eta badaki zer den Donostian irabaztea. Eguneko ezustea eman dezake Anderrek, zaldi indartsua baita”. 

Irabaztea edo behintzat ondo aritzea garrantzitsua da, etorkizunari begira. Urduritasuna agertuko da, “baina esan daiteke igandean debut ona egiteko aukera bikaina duela Anderrek”.

Aiurrik debutaren ostean elkarrizketatuko du Ander Gallo andoaindar gaztea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!