"Auzo eta familia giroko festak dira Buruntzakoak"

Xabier Lasa 2023ko abu. 11a, 07:00
Ainhoa Aiertza eta Alazne Intxauspe

Kultur ekitaldiz jositako egitarauaren alde jo dute azken aldian, nahiz aurrekontu murritza eduki. Ainhoa Aiertza eta Alazne Intxauspe Buruntzako Jai Batzordeko kideak dira.

Gustura al zaudete atondu duzuen bi eguneko jai programarekin?

Ainhoa Aiertza: Bai, erabat! Bi milatik gorako aurrekontuarekin gabiltza, eta gaur egun mirari handirik ezin da egin kopuru horrekin. Edozer gauza antolatzen hasten zara, eta agudo batean xahutzen zaizu eskuetatik.

Programazioan erreparatuz gero, ekitaldiz beteriko bi jai egun topatuko ditu jai zaleak. Buruntzako jaiak pixka bat ezagutzen dituen edonor konturatuko da kultura kutsuko ekitaldien (musika kontzertuak, dantza, bertsoak, antzerkia...) alde jo dela azken urtetan.

Alazne Intxauspe: Ahal dugun guztia egin dugu, eta iruditzen zaigu egokia izango dela auzo eta familia giroko festekin denbora-pasa atsegina igarotzeko deseatzen dagoenarentzat. Bi egun horietan auzora hurbiltzen denak denetik egin ahal izango du: kalitatezko musika entzun, bertsoak entzun, arin-arin eta fandangoa dantzatu, tragoxka hartzearekin batera berriketan jardun auzokideekin edo aspaldian ikusi gabeko lagun horrekin.    

Bigarren urtea da eskarmentu handiko musikariekin kontzertua antolatzen duzuela.

A. A.: Bai, iaz probatu genuen, eta oso txukun irten zen, bertaratu ziren entzuleen gozamenerako izan zen erabat. Ziur gaude Iñar Sastre piano-joleak, Javier Perez tronpeta-joleak eta Iban Gurrutxaga baxu-joleak osatutako hirukoteak iazko mailari eutsiko diola abuztuaren 15eko hitzorduan.

A. I.: Zehaztu behar dugu aurtengoa Udalarekin elkarlanean antolatu dugula; Udalak uztaila-abuzturako programatzen dituen kultur ekitaldietako bat izango da hauxe. Oso formula egokia eta jarraipena merezi duena da Udalak azken aldian abian jarri duen ekimen hori, hiru arrazoiengatik batik bat: kultura deszentralizatu eta auzoetara zabaltzen duelako, auzoetako jai batzordeekin elkarkidetza sustatzen duelako, eta gainera, publikoaren aldetik harrera ona eduki duelako orain arte gauzatu den auzoetan (Goiburu, Etxeberrieta, Karrika...).

Mendi-krosa erabat baztertu duzue, jada 2019an egin zen azken edizioa.

A. A.: 2019an, pandemia aurretik antolatu genuen azkenekoa, eta hausnarketa egiteko denbora eduki dugu geroztik, bateko eta besteko arrazoiak kontuan hartuta. Batetik, jakitun ginen azken urtetan ekitaldi bakarra zela San Roke ermitak eta auzolanean egindako aterpeak osatzen duten eremu horretan. Auzotarrentzat esanahi sinbolikoa eduki du historikoki goi-paraje horrek, eta horri eutsi nahi genion. Nolanahi ere, bestetik, ohartuta geunden auzotarrentzat  egundoko ahalegina eskatzen zigula kirol proba horren antolakuntzak, energia xahutzen zigula eta eragozten beste eratako ekitaldiak antolatzea.

Oilasko Biltzea ere ez da jai programan agertzen jada.

A. I.: Krosaren urte berean egin genuen azkena, eta pena izugarria daukagu geroztik, betidaniko usadioa eten behar izan genuelako. Auzotarrei egundoko ilusioa egiten zien beren baserri edo baserri atarian auzoko gazteak ikustea jai giroan. Auzoko gazteen artean harremanak sakondu ez ezik, auzotarren arteko lotura, lagun-giroa, elkartasuna... sustatzen duen ekitaldi polita da, eta goiz ala berandu, behar diren gutxieneko parte-hartzaile gazteak ziurtatu bezain pronto berreskuratu nahi genuke.

Gogoratzen naiz zenbateko gazte kuadrilla osatzen zen auzoan, Ainhoa eta biok gazte-gazteak ginela lehenbiziko aldiz parte hartu genuenean. Hura zen zalaparta! Kostako zaigu lehengo hartara itzultzea, baina saiatuko gara Oilasko Biltze alai eta duin bat antolatzen. Horretan gabiltza.

A. A.: Erradiografia azkar bat eginda, esan behar da 60-70 baserri eta etxeetan sakabanatutako 300 bat pertsonek osatzen dugula Buruntza auzoa, gutxi gora behera. Euskal Herrian bezalaxe, auzoan ere baxua da jaiotza-tasa. Zahartzen ari den komunitatea da gurea, besteak beste gazte asko auzoa utzi eta Andoainera edo inguruko herrietara bizitzera joaten ari baitira. Horixe da errealitatea.

Biztanleen zahartze horrekin lotuta, adibidez, adineko auzotar askok aspaldi utzi zioten San Rokera igotzeko usadioari, mugikortasun arazoak medio. Meza behealdera, San Martin eliza zaharreko aurrietara ekartzea erabaki genuen orain urte batzuk, eta asmatu egin genuen. Mezak adineko jendea erakartzen du batez ere, eta arrakastatsua gertatu ohi da. Estimatzen dute auzoan behean egitea, meza ostean jaiekin gozatzen segitzeko aukera ematen baitie.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!