"Berezia izan zen debuta"

Mikel Arberas 2023ko ira. 7a, 09:00

Andoaindar gazteak 18 urterekin Donostiako Hipodromoan egin zuen debuta, iragan abuztuaren 13an. Egun gutxira lehen garaipena eskuratu zuen Frantzian.

Nolatan hasi zinen hipika praktikatzen?

Amaren lagun baten eskutik aukera paregabea sortu zitzaidan eta zalditegian lanean hasi nintzen 14 urterekin. Lan egitearekin batera, zaldi gainean praktikatzeari ere ekin nion, gaur arte. Esan beharra dago, iaz hasi nintzela seriotasun handiagoarekin entrenatzen.

Zertan oinarritzen da lan hori?

Zaldiaren zainketaz arduratzen naizela esan daiteke. Hau da, lo egiten duen lekua garbitu eta txukundu, zikindutako ura aldatu, jatekoa eman eta materialaren mantenuaz arduratu, beste gauza batzuen artean. Ia lehen egunetik aritu nintzen zaldi gainean, gutxinaka-gutxinaka ikasteko.

Zer behar du pertsona batek hipika praktikatzen hasteko?

Ez dakit zer esan, pertsona bakoitza ezberdina da. Nire kasuan, ez zitzaidan zaila egin, baina, hasiera batean, zertxobait kostatzen da. Gehiago entrenatu eta ibili ahala, tamaina hartzen hasten zara eta erraztasuna hartzen diozu hipikari.

Sarritan esan ohi da zaldiarekin sortzen den harremana oso berezia dela. Ala al da?

Bai. Egia da ere, zaldiaren araberakoa dela harreman hori. Batzuekin harreman hori sortzea gehiago kostatzen da, baina beste batzuekin bat-batekoa izaten da konexioa. Horrez gain, lehen esan bezala, egunero denbora luzez egoten zara zaldiarekin, eta, beraz, nahigabe ere bien arteko lotura bat sortzen da.

Nolako entrenamenduak egiten dituzu egunerokotasunean?

Azpimarratu beharra dago bi entrenamendu mota nagusi daudela; batetik, zaldiek hipodromoan egiten dutena eta, bestetik, jockeyok zaldiekin egiten duguna. Nire kasuan, zaldi gainean entrenatzen dudanean, pausoka, trostan eta galopan aritzen gara; hau da, pixkanaka erritmoa handitzen dugu. Azkenean, berriro ere pausoka amaitzen dugu. Saioaren ostean, zaldia garbitu eta jatekoa ematen diogu. Esandakoa egunero egiten dugu.

Zer pentsatu zenuen Donostiako Hipodromoan debutatuko zenuela jakin zenuenean?

Izugarri poztu nintzen. Debuteko eguna iritsi bitartean urduri jartzen hasi nintzen, baina egun hura oso berezia izan zen. Pistara atera eta zale guztiak ikusi nituenean harrituta eta pozarren jarri nintzen; guztiak zortea opa zidaten, oihuka, giro ezin hobean. Oso berezia izan zen. Hala ere, oraindik ere asko dut ikasteke, ardura handiagoa dut, eta, maila altuan nagoenez, beste jockey profesionalen aurka lehiatu beharko dut. Beraz, gogor entrenatu beharko dut hurrengo hilabeteetan.

Gustura lehiatu al zinen lehen aldian?

Bai, jakina. Era berean, presio dezente sentitu nuen. Pentsa ezazue, Donostiako Hipodromoan nire profesional mailako lehen lasterketa egitear nengoen, ehundaka ikusleren aurrean.

Lehen lasterketan azken postuan sailkatu zinen, baina zaleek ondo baloratu zintuzten...

Bai, halaxe da. Zaila da lehen lasterketan parte hartu eta denbora gutxian tamaina hartzea, baina, neurri batean, gustura geratu nintzen. Datozen lasterketei begira badaukat eta badakit zer hobetu. Gutxinaka neurria hartuko diodala pentsatzen dut. Asko dut ikasteke eta hobetzeke.

Epe labur eta ertainean zein helburu dituzu?

Lehen esan bezala, oraindik asko ikasi behar dut. Hamazortzi urteko gazte bat naiz, beraz, hobetzea dut xede eta, batez ere, etapa berriaz gozatu nahi dut orain. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!