Adiorik ez, Julen

Xabier Lasa 2023ko ira. 15a, 07:10

Irailaren 6an azken agurra eman zioten Julen Amondaraini, Andoaingo San Martin elizan. Zarautzen bizi zen arren, herrikide eta pilota alorreko lagun ugari hurbildu zen hileta-elizkizunera

Erremontearekin eta Galarretako pilotalekuarekin hamarkadetako lotura eduki zuen Julen Amondarain Rodriguez (Andoain, 1970) irailaren 3an hil zen, eta senitartekoek eta lagunek handik bi egunera egin zioten azken agurra Andoaingo San Martin parrokian. Lau urtez (1992-1996) erremonteko jokalaria izan zen, eta saskia utzi ostean, Galarretan bertan artekari gisa jarraitu zuen makina bat urtetan.

Senide, adiskide eta pilota munduko ezagun ugari bildu zen hileta elizkizunean. Amondarainen gaineko adierazpenak jaso genituen bertan.

Jon Fernandez eta Mikelo Otamendi, adiskideak

“Kuadrillako kidea izan genuen. Gaztetan kirolari bikaina zen, eta ikastolan atezaina izaten genuen, Ontza izeneko taldean. Futbol zelaietan baloiak airean gelditzeko egiten zituen ahaleginek, beharbada, lagundu egin zioten gero pilotaria izan zedin. Buruz ere bizkorra zen, eta industri-perituko ikasketetan oso urrun iritsi zen, bi ikasgairen faltan geratu zen titulua lortzeko. Hitz-jario bizia zuen, eta jardun zuen lanetan “komertzial” izateko egoki-egokia zela erakutsi zuen. Galarretan artekari bezala artista zela, hori denak aitortzen dute”.

Javier Lucas, Galarretako artekaria

“Julen asko estimatzen nuen, lankide eta pertsona gisa, eta atsekabetuta nago bere heriotzaren berri edukiz geroztik. Makina bat ordu egin baititugu elkarrekin lantokian pilotalekuan zein bezeroekin nahiz eta aisialdiko unetan, 2000ko martxo-ekainean artekari gisa ekin genionetik. Aitortu behar da bolada oparoa bizi izan dugula, hasierako urte haietan; 260 funtzioko urteak ezagutu izan ditugu! Alegia, jaialdiak astearteetan, ostegunetan, larunbatetan eta igandeetan; eta uztailaren 25etik iraileko lehen astea bitarte, egunero-egunero! Hamabi bat artekari bai, jota su, garrasika harmailetan! Ogibidea ikaragarri bizi zuen pertsona zen, sutsua, odol-berokoa, eta ezaugarri horiekin oso profesionala zen zegozkion zereginetan. Erremonteko apustuen sisteman iraultza txikia ekarri zuen, bezeroekin tratuan jartzeko orduan”.

Xabier Bitoria, pilotari ohia

“80ko hamarkadaren amaieran, Andoainen, lau gaztetxo bildu ginen erremonteko saskia hartu eta elkarrekin jokatzeko: Julio Abrego, Juantxo Larrarte, Julen Amondarain eta lauok. Tarteka Galarretako eskolara joaten ginen, baina hainbestekoa zen gure afizioa, ahal genuen guztietan Arraten ere aritzen ginela. Hori bai, libre geratzen ziren azkeneko orduetan baizik ez, 22:30etatik aurrera eta horrela, eskuko, palako zesta puntako pilotariek eta Leizarango eskubaloiko taldeek libre uzten zituzten orduetan, alegia. Igual goizeko 01:00etan erretiratzen ginen etxera, pilotalekuko giltzak udaletxean udaltzainei utzi eta gero. Galarretan pilotari profesionala izatea zen gure ametsa, gogoko kirola izateaz agin, ogibidea izan zitekeelako. Horrela, niri 1992ko uztailaren 6an eman zidaten debutatzeko aukera; Julenek, handik astebetera egin zuen. Atzelari gisa, ondo moldatzen zen, dezenteko sakea zeukan, eta erreboteatu ere egoki egiten zuen, baina ez zen punta-puntakoa. Lau urtetan enpresak ez zion modurik eman lehenengo partidutik bestetarako jauzia eman zezan, Galarreta eta Azpeitiko pilota eskolatik gazteak gogor zetozen, eta azkenean, aurrerabiderik ikusi ez eta, saskia uztea erabaki zuen. Laster, artekari bezala hasi zen, eta hor bai nabarmendu izan zela; askok aipatu bezala, crack bat zen”.

Igor Sarasua, pilotari ohia

Erremonteko jokalari azpeitiarrak bikote eta aurkari gisa jokatu zuen Amondarainekin. “Bera aurkaria izanik egin nuen debuta, 1995ean; hain zuzen, Zeberio-Amondarain/Sarasua-Mendizabal izan zen partida. Handik gutxira utzi zuen, eta ez ezin izan nuen gehiegotan elkarrekin jokatu. Pilotari txukuna zen; sakearekin eta errebotearekin zen ona, nahiz eta gero kolpe nabarmenik ez eduki. Tratuan, aldagelatan, hiztuna eta umore onekoa zen”.

Oinatz Gonzalez, pilotari ohia

“Eskupilotan afizionatu mailan ibili eta gero, erremontean hasi nintzen urtebetera, eta horretarako, Julenek eta bere anai Aitorrek animatu ninduten. 2009ko abenduan egin nuen debuta eta beste lau urtetan segi nuen bertan. Egia esan, Julen “instituzio” bat zen Galarretan, artekari gisa, eta bidea erraztu zidan. Pilotari ohi izanik, baliagarriak egin zitzaizkidan aholkuak eman zizkidan; behin eta berriro esaten zidan sasoiko nengoela eta agudo egingo nintzela erremontista; ezkerra erabili izan nuela esku-pilotan, eta horrek ere asko lagunduko zidala ezker-hormarekin jokatzeko orduan, bizi-bizi zetozen pilotekin”.

 

Euskitzeren bertsoak

Bizitza zein ederra

eta bortitza den!

Hara gaur nabarmen

herioren aurrean

zein biluzik gauden.

Lagun maite, har ezak

bakean atseden,

baina jotako asko

utzi dituk hemen;

denontzako argia

bidal ezak, Julen.

 

Beti izan hintzen hi

lasterrontzi antxa,

braust! egin duk martxa,

maite hintugunontzat

baduk esperantza.

Etzidamu finala:

Juanenea/Antsa;

hik urrundik ikusi

beharko duk, antza,

eta hire hutsuneak

beteko dik kantxa.

 

Bizitza ez duk txapel

ta garaipen-arku,

maiz ohi duk zakartu,

bi pareta ederrak

ohi zizkiguk sartu.

Agurrik esan gabe

haiz ilunabartu,

baina etsi beterik

ez diagu hartu;

mila ehuni baietz

berriro elkartu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!