"Partaidetzazko aurrekontuen egitasmoan 16 urtetik gorako guztiek parte har dezakete"

Jon Ander Ubeda 2023ko ira. 21a, 21:00

"Hartu hitza!" goiburuarekin, partaidetzazko aurrekontuen edizio berrian murgildu da Andoain. Udalak sustatuta, proposamenak aurkezteko aukera dago egun hauetan. Goiatz Salbador partaidetzazko aurrekontuen egitasmoko dinamizatzailea da eta larunbat honetan Goikoplazako informazio puntuan izango da.

Andoaingo gaztea dinamikaren edizio berria bideratzen ari da. Jakina denez, Andoaingo Udalak 2024ko aurrekontuen 250.000 euroko partida herritarrek egindako proposamenetara bideratuko du. Andoaindarrek, beraz, parte-hartze zuzena izan dezakete gogoko duten ekimenak gauzatzeko proposatuz. Beti ere, udalaren eskumenen barruan sartzen bada.

Hartu hitza! prozesuaren dinamizatzaile-lanetan ari zara. Irailaren 18an hasita herritarrek botoa emateko aukera dute. Nola doaz egun lehen egun hauek?

Astelehenean hasi zen lehen fasea, urriaren 6ra bitarte luzatuko dena. Andoaingo hainbat txokotan, hautes-ontziak eta eskuorriak ipini ditugu, eta herritarrek bertan aurkeztu ahal izango dituzte beren proposamenak. Aurten, gainera, informazio-postu bana ipini dugu Zumea plazan –irailak 16– eta Merkatu plazan–irailak 18–, eta, larunbat honetan, Goikoplazan izango naiz goizeko 11:00tan hasi eta eguerdiko 13:00ak arte. Lehen bi saioetan, jendea hurbiltzen ari zaigu. Eta, bestalde, ekimen honetan, 16-18 urtekoek ere parte hartu dezaketenez, aurkezpen-errondari ekin diogu Batxillergoko geletan.

Aurtengo dinamikaren aurkezpenean berrikuntza horiek azpimarratu zenituzten.

Bai, halaxe da. Egitasmoa herritarrei gerturatzea erabaki genuen, eta, horretarako, ezinbestekoa da aurrez aurreko aukerak eskaintzea. Gertuko tratua eskaini behar diogu gazteari, eta informazio-postura hurbiltzen den herritarrari. Egitasmo honen atzean norbait badagoela ikus dezaten. Parte-hartzeari garrantzia eman nahi diogu, eta horregatik ipini ditugu informazio-puntuak udalerrian, egun jakinetan. Eta, horrekin batera, ikasgeletan sartu gara, herriko ikastetxeekin izan dugun lankidetzari esker. Haien harrera oso ona izaten ari da, eta hori eskertu beharrean nago.

Informazio-puntua jarri duzun bi egunetan, zein izaten ari da herritarren erantzuna?

Eskuorria jaso dute, baina haietako askok ez dakite oso ondo zer den. Azalpenak eman eta, gero, pentsakor jartzen dira. Beste batzuk garbi samar dute eta eskuorria bete eta hautes-ontzira eramaten dute. Hainbat kasutan adibideak eskaintzen dizkiet, zer proposatu daitekeen hobeto ulertze aldera.

Argi dagoelako herri mailako proposamena izan behar duela. Herrian bertan eta udalaren eskumenekoa den zerbait, alegia.

Udal eskumenekoa izan behar du eta hori gogorarazi behar dugu. Proposamen batzuk udalaz gaindiko eremukoak iristen direlako. Herrian bertan egin edo hobetu daitekeen ideia bat izan daiteke.

Proposamen zehatzik jaso al duzu? Zer da gehien aipatzen dena?

Informazio-puntua jarri dugun aldiro, ideiak oso argi dituen jendea hurbildu zaigu. Udal liburutegia horietako askoren ahotan dago, gehienbat, gazteen aldetik. Helduen aldetik, Zumea inguruan adinekoentzat eguneko zentrua irekitzeko proposamen asko egin dizkigute.

Komeni da lehen fasean gaudela gogora ekartzea. Proposamenak egiteko garaiz gaude. Aukeraketa ondoren etorriko da.

Lehen fasean gaude, datorren urriaren 6ra bitarte. Ideiak jaso eta batzorde teknikoak aztertu ostean, aukeraketa bat egingo da. Azaroan, aukeraketa egingo da, hainbat proposamenen artean.

Zer nolako esperientzia izaten ari da zuretzat?

Andoaindik kanpo bizi izan naiz azken lau urteotan. Herrira itzuli eta egitasmo honetan murgiltzean, harreman zuzena izaten ari naiz herritarrekin eta herriko gaiekin. Interesgarria izaten ari da, egia esan. Izaten ari naizen esperientziagatik, oro har, aurreko ediziotan parte hartu duen jendea jakinaren gainean dago. Baina, bestalde, antzematen dut badagoela udal ekimena urrun samar ikusten duenik, eurek parte hartu ezingo luketen zerbait bezala. Egitasmo honetan, 16 urtetik gorako herrikide guztiek parte har dezakete. Garrantzitsua da hori azpimarratzea.

Interesa antzematen duzu, baina galdera asko mekanikari buruzkoak izaten direla aipatu izan didazu.

Eta hori dinamika berri samarra den adierazle da. Urteen poderioz, herritarrak egitasmoa barneratzen joango dira, eta mekanikari buruzko galdera gutxiago izango da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!