Azken agurra Maria Angeles andereñoari

Xabier Lasa 2023ko ira. 21a, 21:00

Maria Angel Iriondo Maiztegi Andoaingo Aita Larramendi ikastolako andereñoa izandakoa irailaren 18an hil zen, 80 urte zituela. Asteartean San Martin parrokian azken agurra eskaini zioten senide eta adiskideek.

Iriondo Maiztegi familia berez Altzola auzokoa (Elgoibar) zen, eta 50eko hamarkadan Andoainera etorri zen bizitzera. Maria Angeles, hor alabetatik zaharrena Laborde lantegian administrazio lanetan hasi zen oso gaztetan, eta hantxe hiruzpalau urte eginda, 1974an, irakaskuntzari heldu zion, Aita Larramendi ikastolan andereño gisa, alegia.

Hitz jario onekoak, jendartekoak, haurren heziketan trebeak, euskaltzaleak... izango ziren irakasleen premian ziren oraindik ere legez kanpo jarduten zuen ikastolek, eta Maria Angelesek berarekin zeuzkan ezaugarri horiek denak.

Horrela, Maria Angeles Iriondok Aita Larramendi ikastolan osatu zuen hezkuntza-ibilbide osoa. Ikastetxeak Andoainen han-hemenka eduki zituen etxepe guztiak ezagutu zituen, eta Rikardo Arregi kaleko haur-hezkuntzako eraikinean egin zituen azken urteak, arik eta 2002an erretiroa hartu zuen arte. Juan Otegi izan zuen senarra; Josu biren semea da.

Goxoa eta onbera, haurrekin

Astearte arratsaldean hilera amaitu berritan, elizaurrean tertulian geratu ziren senitarteko eta lagunek Maria Angeles hizpide izan zuten. Haren ondoan bizi izandako bizipen eta pasadizoak oroitzen jardun zuten, batik bat. Bertan, makina bat izan ziren Maria Angelesen gainean zerbait adierazi ziotenak Aiurriri. Tartean, Mari Kruz Anduaga, Ana Mari Aranburu, Mari Karmen Zuaznabar, Begoña Ormazabal, Maria Luisa Etxeberria, Lurdes Jauregi, Arantxa Artano, Agurtzane Arregi eta Joxe Joakin Jauregi.

Guztiek ere bat etorri ziren Maria Angeles definitzen duten dohainak aukeratzeko orduan: pertsona onbera, eskuzabala, emankorra, langilea, alaia eta grazia handikoa hizketan, trebea eta irudimentsua eskulanekin...

Azpimarratu zutenez, bokazioz jardun zuen irakaskuntzan, beti haurrekin, eta gozamen hutsa izan zen lanbidea berarentzat. Pazientzia, goxotasuna eta alaitasuna omen zituen ipar, haurrekin tratuan. Eta gaineratu, haurrak bere umeak balira bezala hartzen zituela, karino handia hartzen omen ziela, “Andoainen belaunaldi mordoak ezagutu du irakasle gisa, baina ez da egongo ikasle bat ere harengatik gaziki esaka jardungo duenik”.

Bere ikasle izandakoek ikastolako ikas-zikloa amaitu eta gero ere, interes berezia agertzen zuen ze ibilbide egiten ari ziren. Esate batera, bizitzako arloren batean nabarmentzen baziren, eta prentsan elkarrizketaren eta erreportajeren bat agertzen bazen, etxean gordetzen omen zituen orriak, txukun-txukun. Ziurrenera, artxibo polita utziko zuen prentsako albisteekin, etxean.

 

Argazki-oina

Ikastolaren sorreran eta bilakaeran ezinbestekoak izan diren hainbat andereño “Geroak esan beza” eskultura (Gotzon Etxeberria, egilea) inauguratu zen egunean, 1988/11/13an, Andoaingo Aita Larramendi ikastolak bere 25. urteurrena ospatu zuenean. Ezkerretik hasita: Arantxa Artano, Amalia Guerrero, Mari Paz Artolazabal, Mertxe OkiÒena, Maria Jesus Ugalde, Arantxa Etxarrain, Maria Angeles Iriondo, Maribi Ugalde, Anparo Etxarrain, Lurdes Mercero, Miren Larrea eta Meltxor Artetxe txistularia. Argazkia: Aita Larramendi ikastola.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!