Txotisaren historian lehen doinua estreinatu dute Hernanin, Oiartzabalek moldatuta

Xabier Lasa 2023ko ira. 22a, 13:46
Joxe Mari Oiartzabal eta Jorge Pacheco Hernaniko Bandako zuzendaria, Hernanin joan den larunbatean

Hernaniko euskal jaien baitan, bertako Udal Musika Bandak kontzertu berezia eskaini zuen joan den larunbatean. Aipatzekoa da osatu zuen kantutegitik bi abesti, Schottisch-polka (Marcelino San Martin) eta Mutil koskorrak (Leonardo Moyua) lehenbiziko aldiz jo dituela banda batek, eta Joxe Mari Oiartzabal musikagilea izan dela biren moldatzailea. Schottisch-polka, Madrilen horren errotua dagoen txotis musika eta dantza generoko lehen abestitzat jotzen da.

Jorge Pacheco zuzendaritzapean, Hernaniko Musika Bandak honako abestiekin osatu zuen kontzertua, Euskal Jaien baitan: Bigarren kalez kale (Pablo Sorozabal), Euskal festara (Jose Mari Usandizaga), Errondariyak dantzari (Bernardo Gabiola), Schottisch-polka (Marcelino San Martin), Mutil koskorrak (jostakina) (Leonardo Moyua), Maite (Pablo Sorozabal), eta, Gure giroa (Tomas Aragües).

Schottisch-polka, lehen txotis abestia Txotisa, jatorria Bohemian (Txekier Errepublika) duen musika eta dantza genero bat da; Alemanian erabiltzen den Schottisch (eskoziar) hitzetik datorkio bere izena. Aldaera ugari eduki ditu, eta Espainiako estatuan, Madrilen zabaldu da gehien, chotis izenarekin. Bikotean dantzatzen da, organo txiki baten doinu pean, eta dantza-saioan zehar emakumea gizonaren inguruan biran dabil, eta aldi berean, gizonak bere ardatzaren gainean biratzen du.

Madrilgo gau-dantzaldietan, ohikoa da dantza mota hori dantzatzeko emakumeek manilazko mantoia eta buruzapia buruan janztea, eta gizonek, berriz, txalekoa, galtza marradunak eta biserako txanoa ematea soinean.

Historiako kronikek diote Madrilen, txotisa, 1849ean dantzatu zela lehen aldiz, eta Schottisch-polka doinua izan zela sortu zen lehen abestia, Marcelino San Martin konposatzaile bizkaitarra izanik bere egilea hain zuzen.

Abestiaren eta konposatzailearen berri, Francisco de Paula Garcia kazetariak eman zuen, 2020an kaleratu zuen Iparragirre en la Corte. El Gernikako Arbola y los vascos en el Madrid del XIX liburuaren eskutik. De Paula kazetariak, Iparragirreren gainean ikerketa burutzen ari zela topatu zuen Schottisch-polka abestiaren partitura. Nonbait, Marcelino San Martin egileak Isabel II erreginaren aurrean estreinatu zuen, gorteko jauregian egin zen festa batean, 1849an.

 

De Paula eta Oiartzabal, elkarlanean

De Paulak, liburua kaleratzearekin batera, Joxe Mari Oiartzabali utzi zion abestiaren partitura, eskatuz molda zezala instrumentu askoko banda batek jotzeko moduan. Oiartzabalek agudo bete zuen lana, eta esan bezala, eta deigarria egiten bada ere, Euskal Herriko Banda batek estreinatu du jendaurrean, Madrilgo txotisaren historian lehen pieza dantzagarritzat jotzen den abestia.

De Paula eta Oiartzabal lehendik ere aritu izan dira elkarlanean. De Paula Madrilgo Jai Alai danborradako kidea da, eta 2016an Tupperen Karga abestia konposatu ostean partitura Oiartzabali utzi zion, danborrek eta kupelek jotzeko molda zezan. 2020ko San Sebastian egunean estreinatu zuten.

Hermuba elkarteak Hernaniko Musika Bandaren kontzertuak grabatu egiten ditu, eta aste batzuen buruan zabaltzeko ohitura izan ohi du. Hortaz, laster gozatu ahal izango da abesti horren zuzeneko lehen interpretazioa, Banda baten eskutik.

Bestalde, Hernanin larunbatean jo zituzten piezen artean, Mutil koskorrak (jostakina) izan zen Oiartzabalek moldatutako bigarren abestia, polka girokoa. Piano-jolea eta Donostiako alkatea izan zen Leonardo Moyua Alzaga, Rocaverdeko Markesak (Donostia, 1856-Donostia, 1920) konposatu zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!