'Gazte erronka'n elkartuko dira herriko dozenaka ikasle, ostegun honetan

Aiurri 2023ko ira. 26a, 07:29

Andoaingo Udaleko Euskara eta Gazteria lansailak, Gazte Lokala eta ikastetxeekin batera, Gazte Erronka ekimena antolatu du. Jolasa, kirola eta adimena uztartuko dituen jolas-sorta izango da, euskara ardatz hartuta. Hiru ikastetxeetako 12-14 urte bitarteko gaztetxoek parte hartuko dute.

Lehen aldiz egingo da Andoainen. Gymkana modukoa izango dela aurreratu dute, Leizaran institutua, La Salle-Berrozpe ikastetxea eta Aita Larramendi Ikastolako 1. eta 2. DBHko ikasleen parte hartzearekin. Guztia, 352 gazte deituta daude.

Platape Kirol Klubak bideratuko du bi orduko iraupena izango duen saioa, eta antolatuko diren taldeetan hiru ikastetxeetako ikasleak egongo dira nahastuta.

Euskararen protagonismoa indartzeko Jokin Goikoetxea DAZN telebista kateko esataria arituko da 'speaker' lanetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!