Gobernu taldeak badu plana

Jon Ander Ubeda 2023ko ira. 28a, 09:56

Ehun egun betetzen ziren egunean bertan, Andoaingo Udaleko gobernu taldeak herri bilera deitu zuen. Xedea bikoitza zen: Egoera ekonomikoaren datuak eskaintzea eta "Andoain Bizitzeko" gobernu programaren berri ematea.

Biak ala biak hedabideen aurrean aurkeztu dituzte, eta baita Udal langileen eta gainerako ordezkarien artean ere. Dendari eta enpresariekin beste aurkezpen bat egingo dute, laster.

Atzoko agerraldian Andoni Alvarez Lete alkatea izan zen aurkezpena bideratu zuena, eta alboan zituen EH Bilduko zinegotziak. Ikusleen artean, aurrealdean, Pepe Iparragirre Elkarrekin Podemoseko zinegotzia eseri zen. Eta, atzeko eserlekuetan, PSE-EEko Alkain, Verdasco eta Moreno. 

Dozenaka lagun elkartu zen Basteroko ekitaldi aretoan. Laburbilduz, gehiegizko gastu korronteak kezka pizten die arduradun berriei eta horri eutsi eta jaisteko azterlanean dabiltzala iragarri zuten. Zorpetze-maila ez da handia eta horrek inbertsio berrietarako bidea eman diezaiekeela iradoki zuen.

Bestalde, agintaldian zehar hartuko dituzten 73 neurri dituztela adierazi zuen alkateak. Pertsonak, azpiegiturak eta herrigintza alor horietan eragin nahi du.

Gertuko agertu nahi izan zuen Andoni Alvarezek, eta bileraren azken zatian dozena bat galderari erantzun behar izan zion. Herritarren kezkak ziren, gehien gehienak, auzotarrek gertutik bizi dituzten arazoen inguruan: Animalien pixa eta gorotzak sortutako zeharkalteak, belardiak, Oria ibaiak sor ditzakeen uholdeak, Galardiko edota Goikoplazako espaloiak....

Txalo artean amaitu zen ekitaldia.

Gaobernu taldeak badu plana. Orain hura aurrera eramatea izango da zeregin nagusia.

Bestalde, gaurkoan, plenoa ospatuko da eta bertan ikusiko da jeltzaleek eta sozialistek zerbait esateko duten. Kortesiazko lehen egunak igaro direnean, kritikarako eta lehiarako garaia hasten da. Hori da tradizioak agindu duena. Zer gertatuko den gaurkoan? Ikusteke dago.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!