Artisau-lanen salmentarako edo gizarte-ekimenak jakitera emateko, Eroskin txokoa

Xabier Lasa 2023ko ira. 28a, 16:33

Zumea kaleko Eroskik herriko artisauei zein era guztietako elkarteei saltoki barruan gune bat eskaintzen die, beren eskulanak salgai jarri ditzaten, nahiz beren ekimenak jakitera eman ditzaten. Berriki jarri dute abian ekimena, eta esatera batera, egunotan gakorratzez egindako panpin pertsonalizatuak egiten dituen Amparo Carrok saltoki txikia jarri du bertan.

Eroskiko arduradunek honako oharraren bidez eman dute jakitera eskaintza: “Ekintzailea bazara, zeure negozioa baduzu eta zure burua sustatu nahi baduzu, edota artisau-lanak egiten badituzu, eta saltzeko asmoa baduzu, gure dendan aukera bat eskaintzen dizugu zure burua inolako gasturik gabe sustatzeko”.

Erantsi dutenez, eskaintza diru irabazirik gabeko herriko edozein motatako elkarteei zabaltzen zaie. Norbanakoek edo elkarteek bere erakus-mahaia saltokiko sarreran nahiz bertako langileei eta erosleei enbarazurik eragingo ez dien guneren batean jar dezakete.

Horretarako, aurrez, Eroskiko arduradunekin hitzartu beharko dute, noiz eta nola ipini mahaia. Azkenik, zehaztu dute mahai jartzen dute pertsonek edo elkarteek ez dutela inongo ordainketarik egin beharko.

 

Gakorratzez egindako lanak, salgai

Ostirala bitarte, goizero, Amparo Carro eta Izaskun Beneitez mahaia jartzen ari dira sarrera nagusian, eta bertan, Carrok etxean eskuz egindako makina bat produktu dauzkate salgai: gakorratzez egindako panpinak eta toallak (enkarguz, pertsonalizatuak egiten ditu), erosketako poltsak, giltzatakoak, loreak...

Lehenengo aldia da jendaurrean salgai ipini dituela eskuz egiten dituen gauzak “banuen halako erreparoa lehenengo aldia zelako salmentarako mahai bat ipintzen nuela jendaurrean, eta Eroskin barruan izateak ere ezjakintasun puntu bat ematen zidan. Baina egunotan oso harrera egin didate herritarrek, artisau-lan batzuk erosi dizkidate, eta egia esan, gu bezalako jendearentzat, leku fisikorik ez daukagunontzat alegia, oso ideia txalogarria eduki du Eroskik”. 

Eskaerak egiteko, honako emaila jarri du Carrok: bisuteriaflordelis@gmail.com. eta honako telefonoa: 637291350. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!