22 txurro goxo bost pezeten truke saltzen zituen Mendoza txurreria gogoan hartu dute

Xabier Lasa 2023ko ira. 30a, 17:16

Herritar mordo baten oroimenean txertatua geratu den Mendoza txurreria mitikoa gogoratzeko ekitaldia egin dute eguardian, Burdina taldeak antolatuta. Argazki-bilduma eta bideoa, ikusgai:

Mendoza Escribano familiak saltokia Kale Berrian 1960-1996 aldian irekita eduki zuen tokian bertan, argazki erraldoia eta eserlekua (hitzorduetan zain egoteko) ipini dituzte eta aldi berean, bere historia kontatzen duen liburuxka plazaratu dute. Familiako seme Virgiliok hitza hartu du ekitaldian, eta biziki eskertuta agertu da ekimenaren bultzatzaileekin ez ezik, baita bera agurtzera bertaratu diren aspaldiko lagun eta bizilagunekin. Egun, Santiago Mendoza eta bere seme Virgilio Alacanten bizi dira. Ama, Juana Escribano, orain urte batzuk hil zen.

Burdina elkarteko Ander Armendarizek eta Joxerramon Berrondok adierazi dutenez, Mendoza txurreria negozioak erabili izan zuen tresneria guztia Gordelekua museoan dago, familiak dohantzan eman eta gero.

Ekitaldian, Burdinako kideek ez ezik, Andoni Alvarez alkateak ere hartu du hitza. Bestalde, ekitaldia borobiltzeko, herriko honako kulturgileek hartu dute parte: Ekaitz Tolo eta Jon Urtasun txalapartariek, Antonio Calleja gitarra-joleak, Jon Beloki bertsolariak, Joxema Setien txistulariak, eta, Joseba Urrutia eta Unai Barrutia dantzariek. Ekitaldi osoa, bideoz ikus liteke.

 

 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!