Txapelketa garrantzitsuko bi partida jokatu ziren Arraten: batetik, promesetako partida eta, bestetik, senior mailakoa. Lehen partidan, Iraetak eta Egigurenek garaipen estua lortu zuten Manterola-Plazaola bikotearen aurka (22-18). Promesa mailan espero zen bezala, partida bizia eta ikusgarria jokatu zuten lau pilotariek.
Bigarrena, berriz, kolorerik gabeko norgehiagoka izan zen. Belokik eta Altunak ezin izan zuten askorik egin Egiguren-Bernaola bikotearen aurka (6-22). Hasiera batean, nahiko parekatuta hasi zen partida, baina, markagailuak aurrera egin ahala, aurrean asmatzeari utzi zion Altunak eta, atzealdean, Belokiri eskua kargatu zitzaion. Gainera, ohi bezala, Egigurenek maila ona erakutsi zuen.