Hogar Extremeño elkartearen kultur astea abian da

Xabier Lasa 2023ko urr. 3a, 15:32

Aurrera darrai Hogar Extremeño elkartearen kultur asteak. Atzo, astelehenarekin, patata-tortillen lehiaketa ospatu zuten. Zein baino zein jaki goxoagoa egin zuten parte-hartzaileek, eta epaimahaikideek ez zuten lan erraza eduki bat nabarmentzeko orduan, baina bat hautatu behar-eta, Javier Garciarena bereizi zuten. Gaur, asteartearekin, sukaldaritza tailerra antolatu dute, Rodriguez Rouco sukaldariaren eskutik. Argazki-bilduma, ikusgai:

Argazki nagusian, lehiaketako parte-hartzaileak ageri dira, elkarteko presidentearekin: Javier Garcia, Lorenzo Corbacho, Maria Lucas, Teodoro Rodriguez (elkarteko presidentea), Sonia Canales, Goyi Rodriguez, Aintzane Diez eta Jose Caballero.

Aitor Perezek, Emilio Diegok eta Federico Bakaleinikek osatutako epaimahaiaren erabakiz, Javier Garciak egindako tortillak merezi izan zuen saria nagusia.

Hona hurrengo egunetarako, igandera bitarte, prestatu dituzten hitzorduak:

* Urriak 4, asteazkena

18:00 Luntxa eta adinekoei omenaldia.

* Urriak 5, osteguna

17:00 Marrazki lehiaketa.

18:30 Txokolate beroa.

* Urriak 6, ostirala

18:00 Urdaiazpikoa mozteko ikastaroa, Jamones Rosco enpresako Uliana Novozheninaren eskutik.

* Urriak 7, larunbata

14:00 Bazkaria. 30 euroko menua.

* Urriak 8, igandea

10:00 Migak kontzertua.

11:00 Toka txapelketa.

17:00 Sari banaketa ekitaldia eta kultur astearen amaiera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!