Isidro Langara golegile handia aintzat hartuko dute, egun hauetan

Xabier Lasa 2023ko urr. 7a, 08:50
Langara, eskuinetik hasita bigarrena. ©Beterri-aiztondoko erretratu zaharrak

Futbolaren historia luzea da eta Andoaingo golegilearen hainbat marka hortxe daude, nork gaindituko zain. Espainiako Ligan hiru partidatan segidan hat-trick-a egin duen bakarra da Langara. Eta selekzioarekin, proportzioan, inoiz baino gol gehien sartu dituena da: 12 partidatan, 17 gol.

Futbolaren historian markak hautsi dituzten jokalarien artean dira Di Stefano, Maradona, Romario, Ronaldo, Messi... eta Isidro Langara andoaindarra. Bai, horrelaxe da. Urteak aurrera doaz eta oraindik ere hizki larritan gorde beharreko futbolaria da. 1912ko maiatzaren 15ean jaio zen, Pasaian. Oso gaztetan, Andoainera etorri zen bizitzera. 1930-40ko hamarkadatan ibilbide oparoa osatu zuen nazioartean. Espainiako Ligan, lehenik. Baina 36ko Gerra tarteko, atzerrira joan behar izan zuen. Gol ugari egin zituen Argentinan eta Mexikon. Entrenatzaile jardun zuen gero, Puebla edo San Lorenzo de Almagro Mexikoko eta Argentinako klub historiekoetan. Futbol ibilbidea amaituta, Andoainera itzuli zen. 1992an zendu zen, Guerrero Langara familiarekin bizi zela.

Espainiako Ligan arrasto sakona utzi zuen Oviedo taldean. Oviedo bigarren mailatik lehen mailara igo zen, eta hirugarren sailkatu 1935-1936. denboraldian. Heroi baten gisa gogoratzen dute asturiar lurretan. 2016an Isidro Langara Andoaingo futbol jokalari handiaren izena Oviedoko kale bati jarri diote. Langara familiaren oinordekoak ekitaldian bertan izan ziren eta aurrez aurre ikusi zuten Isidro zenbat maite zuten Asturia- sen. Marka baita, gero, hark egin zuena: Espainiako Ligan hiru partidatan segidan hat-trick-a egin duen bakarra da. Eta selekzioarekin proportzioan inoiz baino gol gehien sartu dituena da: 12 partidatan, 17 gol.

Bere biografia landu zuen, orduko hartan, David Alvarez Oviedoko kazetariak. Aiurriko hemerotekari begira, honako adierazpena egin zuen 2016ko hartan: “Oviedoko zenbait kazetari eta zale kontziente gara Langara Espainiako jokalaririk handiena edo handienetakoa izan dela, baina, urteak aurrera, ohartzen gara bere oroitzapena lausotzen ari dela. Jokatzen ikusi zuten zaharrek egundokoak esaten dituzte golak sartzeko zeukan abilidadeagatik, baina ondorengo belaunaldiek...”.

Bitartean, Andoainen, haren ibilbidea tarteka gogoan hartu izan bada ere, ezezagutza handia dago. Urrian, Euskaldunaren mendeurrena ospatzeko urtean, Langara gogoan hartzeko ekitaldi bikoitza antolatu dute. Lehenik eta behin, Allurraldera daraman Isidro Langara zubian plaka bat ipiniko dute. Eta, asteartean, Oviedoko futbolaren ordezkariak eta bertako kazetariak Langararen figura gogoan hartuko dute. Tartean da, Juan Carlos Etxeberria kirol kazetari ezaguna. Langararen oinordeko batekin ezkonduta dago eta ondo baino hobeto ezagutzen du protagonistaren ibilbidea. Merezitako aitortza jasoko du Langarak.

Isidro Langara, gogoan

Urriak 8, igandea

11:30 Andoaingo Udalak plaka oroigarri bat jarriko da. Futbolaren historian izan den golegile nagusietako bat da Langara, eta harreman estua izan du Andoain herriarekin. Isidro Langara zubian, Kiroldegi parean.

12:00 Isidro Langaren omenez, beteranoen partidua Euskalduna eta Tolosa ekipoetako jokalari ohien artean. Lekua: Ubitarte.

Urriak 10, asteartea

19:00 Isidro Langarararen ibilbidea gogora ekartzeko mahai-ingurua. Bastero Kulturguneko ekitaldi aretoa. Hizlariak: Miguel Sanz, Real Oviedoko ondare arloko zuzendaria; Carlos Muñoz, Oviedoko nazioarteko jokalari ohia; Juan Carlos Etxeberria, EITBko kazetaria eta Naxari Altuna, EITBko kirol kazetaria.

 

Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!