"Saretzeko eta antolatzeko aukera da Baterajotzea"

Alba Cabrera Jauregi 2023ko urr. 11a, 07:34
Nago Huizi Traka talde feministako kidea.

Usurbilen egingo dute aurki geldialdia Euskal Herriko neska* gazte askok: Baterajotzea izango da bertan urriaren 13tik 15era. Besteak beste, azaroaren 30eko greba feminista izango dute hizpide. Nago Huizi Andoaingo Traka talde feministako kidea da.

Lurrikara izatetik, utopiak lehertzera igaroko da Euskal Herriko Neska* Gazteak. Baterajotzea deitu du urriaren 13tik 15era bitarte, “elkargunea sortzeko eta problematika komunei erantzun kolektiboa emateko”. Traka Andoaingo talde feministako kide da Nago Huizi. Bertan izango da.

Utopiak lehertuko dituzue Usurbilen, datorren asteburuan. Hamaika txokotako feministak bilduko zarete, baita Andoaingoak ere.

Euskal Herriko Neska* Gazteak biltzeko espazio bat da Baterajotzea, elkartzeko eta saretzeko espazio bat. Aurten, “Utopiak Lehertzeraino” lemapean, Usurbilen izango gara urriaren 13an, 14an zein 15ean. Bertan, tailerrak, hitzaldiak, kontzertuak eta bestelako eskaintzak egongo dira. Euskal Herriko neska* gazte feminista ororentzat da Baterajotzea. Andoaingo Trakako kideok ere joateko asmoa dugu, eta deialdia irekitzen diogu bertaratu nahi duen andoaindar gazte feminista orori, gurekin etortzera animatu dadin.

Utopia berriak sortzeko garaia dela diozue. Zeintzuk dira horiek?

Zaintza-sistema iraultzearen proposamena luzatu dugu mugimendu feministatik, greba feminista orokor baterako deia eginez, zaintza eskubide bat izatea nahiz, lan horren gainean, kolektiboki erabakitzeko gaitasuna edukitzea exijitzen baitugu. Mobilizaziorako gaitasun handia dugula erakutsi dugu azken urteotan. Hori horrela, antolatzen gabiltzan grebak duen potentzialtasunaz eta eztanda gaitasunaz baliatuko gara: errotiko aldaketak eragiteko eta galdegiteko; urgentziazkoak diren aldaketak abiarazteko; arrakalak nahiz eraldaketan sakontzen joateko aurrebaldintzak sortzeko; gure utopia propioak hemen eta orain, gaurdanik, eraikitzeko.

Azken batean, zaintza-sistema iraultzearen proposamenak potentzial politiko izugarria du, bestelako sistema bat irudikatzera eta antolatzera garamatzalako. Horregatik, grebaren aurretik, Euskal Herriko gazte feministontzat espazio bat sortuko dugu, indarra artikulatu, norabidetu eta nola kristalizatu erabakitzeko.

Azaroaren 30eko greba orokor feminista, hortaz, hizpide izango da topaketan. 

Hain justu ere, Baterajotzea sortzearen arrazoi nagusienetariko bat da afera hori bera. Greba orokor feministari begira, garrantzitsua da Euskal Herriko Neska* Gazteok saretuta egotea eta gure lekua zein den jakitea. Horretan hausnartzen jarraitzeko, mahai-inguru zentral bat egongo da Baterajotzean, “Gu ere Greba Feminista Orokorrerantz” izenburupean. Uste dut garrantzitsua dela neska* gazte subjektu gisa greba honetan gure rola zein den jakitea eta bertatik ekitea.

Zein beste ertz ukituko dizutue? Aurreratzerik bai?

Zaintza greba orokor feminista mugarri izateaz gain, beste zenbait ertz ere ukituko ditugu hiru egun horien bueltan. Besteak beste, estrategia lodiak artikulatuko dira, Laura Galar eta Itziar Regueroren bitartez; borroka ekologistaren eta feminismoaren sinergietatik eraldaketa gauzatuko da, Mirene Begiristainen eskutik; komunikazio feministaz ere arituko da Estitxu Garai eta etxebizitzaz zein okupazioaren aldeko borrokaz hitz egingo digute Maider Arregik eta Nerea Valdesek.

Hizlarien artean, Euskal Herriko zenbait eragile izango dira. Etxetik harago ere luzatu al duzue begirada?

Ohikoa da horrelako espazioetan etxean ditugun eztabaida eta gatazkei eustea, eta, ondorioz, bertoko eragileon esperientziak eta hitzak ezagutzea. Horrekin batera, etxetik harago doazen ahotsek ere badute zer mugitua; adibide gisa, Baterajotzean izango ditugun hitzaldietako batean, feminismo dekolonialaren eraldaketa-gaitasunaz arituko da Sevillako Pastori Filigrana Garcia ekintzailea.

Krisi anizkoitzaren erdian, askotariko hausnarketak mahaigaineratzeko parada izan zenuten Elizondon, 2021ean. Ondoren, nor bere errealitatera itzulita, hari horiei tira egin eta lurreratu, zueneratu al dituzue bertan landutakoak?

2021ean, lehenengo Baterajotzearen aurretik, Buruntzaldeako Neska* Gazteok udalekuak egin genituen, Usurbilen bertan, uztailean, elkar saretzeko eta borrokan batzeko. Indarrak bildu ondoren, eskualdetik, jende mordoxka animatu ginen Baterajotzera. Jasotako informazioa eta hausnarketak taldeetara zein eskualdera eraman eta Buruntzaldeako Topaketak sortu genituen Hernanin, 2022ko utzailean. Horrenbestez, esan genezake, Elizondon bildutako hausnarketak eta planteamenduak lurreratu eta taldeetara eramaten ahalegindu garela, denbora-tarte horretan guztian.

Eskualdera etorrita, indartsu ikusten al duzu Buruntzaldeako Neska* Gazteak?

Eskualdea indartuta ikusten dut. Uste dut horrelako ekimen bat eskualdean bertan antolatzea gure artean saretuta mantentzeko eta indarrak batzeko beste euskarrietako bat dela. Horrek ere eragina izan du taldeen funtzionamenduan, Baterajotzea bezalako topagune batek kideon arteko kohesioa eta parte-hartze aktiboa eskatzen baititu, bete-betean. Hortaz, lehen esan bezala, eskualde mailan, gutxi gorabehera, bi astez behineko maiztasunarekin elkartzen aritu gara. Gainera, taldeen arteko giro onak eta konfiantzak lana bera arintzen eta errazten du.

600 lagun inguru elkartu ziren 2021ean, Elizondon. Langa gainditzea espero al da?

Langa hori gainditzea zail samarra den arren, uste dut posible dela 600 kide baino gehiago elkartzea Usurbilen, datorren urrian . 2021etik hona indarrak asko aldatu dira eta uste dut beste begirada batekin jasotzen ditugula espazio hauek.

Zergatik da garrantzitsua Baterajotzera joatea?

Buruntzaldeako Neska* Gazteok orain dela gutxi sortu dugu bideo labur bat galdera horri erantzunez. Gure ustez, Baterajotzea garrantzitsua da hainbat faktorerengatik: elkar ezagutzeko, saretzeko eta antolatzeko aukera ematen digulako; zaintza greba indartzeko nahiz antolatzeko; problematika komunei erantzun kolektibo bat emateko, aisialdi-eskaintza zabalaz eta giro osasuntsuaz gozatu al izateko…

 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 634 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!