Kaleratzeak Stop elkartearen mozioa eztabaidatu eta onartu du Andoaingo Udalak

Aiurri 2023ko urr. 5a, 12:55

Alokairuaren gehiegizko igoerak eraginda, Andoain gune tentsionatu edo tenkatua izendatzeko mozioa aurkako botorik gabe atera zen aurrera. Etxebizitza mahaia berrabiaraziko du, bestalde, Andoaingo Udalak. Hitzordua dute, urriaren 11n.

Etxegabetzeen aferan, Gipuzkoan auzia gehien landu duenen artean dago Marce Garcia andoaindarra. Etxebizitza, berez, eskubide bat da. Baina arazo bilakatu da herrikide eta familia askorentzat. Ertz ugari ditu auziak, eta oraingoan alokairuaren igoera neurrigabeak eta merkatuan dagoen kopuru eskasak kezka sortzen du. Espainian Etxebizitza Legea onartu da, eta  bertan udalerriak tenkatutako gune izendatzeko aukera zehazten da. Kaleratzeak Stop Desahucios elkarteak mozio bana aurkeztu du Gipuzkoako hainbat udalerritan. Andoainen, aurreko ostegunean aurkeztu zuten. Bat agertu ziren EH Bildu, PSE-EE eta Elkarrekin Podemos. Abstentziora jo zuen EAJ-PNVk.

Mozioaren oinarria

Auziari neurria hartzeko moduko argudiotegi gordina eskaini zuen Marce Garcia andoaindarrak: "Andoain larrialdi egoeran da, etxebizitza bat alokatzeko eskainitako higiezinen kopurua ez baita nahikoa udalerriaren eskaerari erantzuteko. 670 euroko errentan eskaintzen da, eta Etxebiden 477 familia-unitate daude izena emanda alokairu-eskatzaile gisa. Horietatik, 300 baino gehiago udalerrian erroldatuta daudenak. Etxebiden izena emandakoen artean, premia bizia duten familiak aurki daitezke, baita guraso bakarreko familiak ere. Batzuek adingabeak dituzte ardurapean, eta independizatu nahi duten 35 urtetik beherako gazteek urteko 13.800 euroko diru-sarrera dituzte. Alokairu-eskaintzaren arazo nabarmen baten aurrean gaude. Azken urteotan Andoainen eskaini diren alokairurako aukera urriak 650 eta 800 euro arteko prezioan daude. Horren ondorioz, merkatuko alokairu urriak ordaintzeko familia horiek egin beharreko esfortzua oso handia da. Beren hilabeteko diru-sarreren % 56 gainditzen du, gutxienez. Gomendatutako ahalegina % 30ekoa denean".

Alokairuen igoera eta familiei eragiten dien karga handia nahikoa arrazoi dira Andoain tenkatutako edo tentsionatutako gune izendatzeko. Mozioa onartzean, Andoaingo Udalak aurrea hartu du eta Eusko Jaurlaritzari tenkatutako gune izendatzea eskatu dio.

Mozioari bidea ematea pauso bat da, ez bakarra. Izan ere, esan bezala, auziak ertz ugari ditu. Besteak beste, hutsik dauden etxebizitzak edota turismora bideratutakoak arazo orokorraren parte dira. Mozioak ere honakoa jaso zuen: "Neurri horiek beste batzuekin batera ezarri behar dira. Esate baterako, etxebizitza hutsak mobilizatzea eta erabilera turistikoko etxebizitzak edo logelakako alokairuak kontrolatzeko neurriak hartzea, alokairu egonkorreko etxebizitzek beste alokairu-eredu horietara ihes egin ez dezaten, gizarte-premiak asetzen ez dituztelako. Era berean, guztiz beharrezkoa da alokairu sozialak sustatzeko baliabideak nabarmen handitzea eta udalen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko koordinazioa".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!