Basteroren ibilbidea, protagonisten ahotan

Aiurri 2023ko urr. 10a, 07:34

Hausnarketarako tartea izan zen urriaren 4an, Basteroren hogei urteak ardatz hartuta. Kulturaren tenplua izanik, ezer baino lehen, kultur adierazpide zabalduenetarikoa den musikarekin abiatu zen saioa. Hogei urte atzera egin bezala, Udal Musika Eskolako irakasleak protagonista bilakatu ziren. "Txoria Txori" kantaren doinuekin ekitaldi aretoko bazter guztiak leundu zituzten. Emanaldiaren ostean, hitzari tarte zabala eskaini zioten.

Udal teknikari lanetan eta Basteroko programazio ardura izandako Garbiñe Agirre izan zen Aiurriko zuzendariak elkarrizketatu zuen lehen gonbidatua. Haren atzetik igo zen Mikel Emezabal Udal Musika Eskolako zuzendaria. Eta, hirugarrenik, Basteroko bazkide-txartela duen Ana Mari Aranburuk parte hartu zuen. Solasaldiak aurrera egin ahala, Itxaso Mendiluze arte aditua ikusleen artean zegoela erreparatu eta harengana hurbildu zen moderatzailea. Kultur eraikinaren ibilbidean zeresana duten lau aktoreen rola, beraz, aztergai izan zen.

Garbiñe Agirre izan zen taula gainera igotzen lehena. Bastero Kulturgunearen sortze prozesua bertatik bertara ezagutu zuen, bera baitzen kultur programatzailea. XX. urteurrenak badu Agirrerentzat bere alde ona: "Dagoeneko, urte gehiago dira zabalik dagoela Bastero, eraikitzeko lanekin alderatuz gero". Lau agintaldi ezberdin behar izan zirela gogoan hartu zuen. 1987-1991 agintaldian, Bastero izango zenari bidea eman zioten, jabetza pribatuko eraikin baten negoziaketak amaitu ostean. Ezinezkoa izan zen garai bateko zinema Kulturgune bilakatzeko asmoa gauzatu, eta hutsetik sortzeko bidea arakatu zen. Garai hartako Joseba Erkizia Euskadiko Ezkerrako zinegotziaren lana nabarmendu zuen Garbiñe Agirrek. 1991-1995 agintaldian finantziazioa lortzeko aukera galdu zen, eta 1995-1999 urteetan GarbiÒe Egibar zinegotzi jeltzaleak hauspoa eman zion egitasmoari. 1999-2003 agintaldian, Euskal Herritarrok alderdiko Ainhoa Elizondo zinegotziaren garaian, eraikitze-lan zail eta katramilatsuak aurrera eraman ziren. Eta, azkenik 2003ko urrian PSE-EEko Toñy Landa zinegotziak izan zuen Bastero irekitzeko ohorea.

Ezin aipatu gabe utzi ikusleen artean zegoen Itxaso Mendiluze arte komisarioa. Basteroko lehen erakusketan parte-hartze zuzena izan zuen. Garbiñe Agirreren lana aintzat hartu zuen, eta erakusketen aldeko apustu hobea egitea aldarrikatu zuen.

IKUSLEEN GOGOKO EMANALDIAK
Bertaratu ziren ikusleei, hogei urteko ibilbidean, emanaldi bat aukeratzea eskatu zitzaien. Idatziz jasotako oharren artean, hauexek Basteron noizbait taularatutako artista edo ikuskizun kuttunak: George Moustaki, Imanolen azken kantaldia, "Laika" antzezlana, "Intocable" filmaren emanaldian ikuslegoarekin sortutako kimika, "Kutsidazu bidea, Ixabel" antzezlana, eMekumeak emanaldia, BasqExtremFolk jaialdia, "El interprete" antzezlana, Ara Malikian, Andoaingo Banda eta Pirritx, Porrotx eta Marimotots, Izaro, Katramila taldearen antzezlana, "Francoren bilobari gutuna" antzezlana, Andoain 400 urte ikuskizuna eta Benito Lertxundi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!