Osaba Isidroren zubia

Junkal Guerrero, Langara familiaren izenean 2023ko urr. 10a, 12:38

Guretzat hain egun berezia den honetan, familiaren aldetik , lehenik eta behin, zorionak eman nahi dizkiogu Euskalduna Futbol taldeari bere mendeurrenagatik.

100 urte! Zorionak egunero entrenamenduetan, antolaketan, kudeaketan edo jarraitzaile gisa Euskaldunan ari zareten guztioi, horrelako talde historikoa zutik eta osasuntsu mantentzeagatik. Gure osaba hemen balego, oso harro egongo litzateke zuetaz! Segi horrela! Tolosako futbol taldeak ere 100 urte aurten! Osabaren garai bateko taldea ere. Zorionak zuei baita ere!

100 urte, hain denbora luzearen bueltan, dagoeneko Andoaingo ia etxe guztietan izango da Euskalduna Futbol taldearekin zerikusia duen edo izan duen norbait, ezta? Gurean bai, aitona Jesus eta osaba Isidro.

1922an, Aitona Jesus gazte zela, azkar konturatu zen bere anaia txikiak, Isidrok, baloiarekin egiten zituen tiroak izugarriak zirela eta goizean goiz jeikita baloiarekin tiroak entrenatzera eramaten zuen kalera 10 urteko mutikoa. Pena da garai hartako bideorik ez egotea, ikustekoa izango zen eguneroko bi anaien arteko eszena hori. 
1925ean, osaba Isidrok 13 urte zituenean haien aita hil zen, Jose Manuel Langara eta haien amak, Maria Galarragak berak bakarrik atera zituen aurrera hiru seme-alabak: Jesus, Enkarna eta Isidro. Beste andoaindar asko bezela, adin horrekin hasi omen ziren lanean “Algodonera Fabril Subijanan". “Aprendiz de tornero”... Baina osaba beste zerbaiten bila zebilen: buzoa etxera garbitzera eraman behar zutenean, osabak buzoa baloi bihurtzen omen zuen eta ostikoka tiroak entrenatzen jarraitzen omen zuen kalez-kale, baloiaren faltan. Konturatzen zen erraz eta sendo ematen ziola baloiari. Ezagutu genuenok badakigu hori ere jolas moduan egin arren dotorezia berezi batekin egingo zuela eta ahal zuen hoberen. Gizon dotorea baitzen zen. Gaur ere hemen balego, hunkituta baina, denbora hartuko luke begietara begiratu eta bere esku handi eta sendoekin denoi agur bero bat eskeintzeko. Ahazten ez den eskukoa. Erraza zen berarekin hitz egitea eta barre egitea. Asko maite genuen eta, nahiz eta 31 urte pasa diren bere heriotzatik, oso presente daukagu familian, oraindik.

Bere futbolari-ibilbidea kontatzen asko luzatuko ginateke. Astearterako utziko degu hori, mahai-ingururako. Espainiako ligan eta Euskal Selekzioan baita Espainiako eta Hispanoamerikako talde eta Selekzioetan ere lortu zituen marka batzuk oraindik garaitu gabe daude. Aipatzeko kontu batzuk soilik. Oviedok fitxatu zuenean 18 urte zituela, bigarren mailatik lehenengora igo zela taldea berarekin. Urte hartan ligan, kopan eta selekzioarekin jokatutako partiduetan 45 gol sartu zituela 30 partidatan. Gol bat 56 minuturo. Partidako golen batazbestekoa 1,16koa da. Horregatik izan zen Oviedo bere bigarren etxea. Oviedorekin hiru bota pitxitxi irabazi zituen, gerra aurretik. Gerora, munduko futbolari bakarra da oraingoz hiru liga ezberdinetan pitxitxi izan dena. Baita Espainiako ligan hiru hard trick partida segidatan sartu duena. Arrazoi horiengatik eta klubarekin izan zuen harreman estuagatik, askok dakizuen bezela, Oviedoko kale batek bere izena dauka, Carlos Tartiere futbol zelaira eramaten duen kaleak, hain zuzen ere. Eta futbol zelaiko  9. ateak ere Langara izena du.

Orain gaztelerara pasako naiz gurekin baitugu gaur Miguel Sanz, Real Oviedoko historia kontseiluko koordinatzailea eta Real Oviedo Fundazioko kidea.

Eskerrik asko Miguel Sanz, egun berezi honetan gurekin egoteagatik. Eskerrik asko gure osabaren irudia zabaltzeko egin duzun lan nekaezinagatik, Isidroren bizitza kontatuz umeei zuzendutako ingelesezko materiala hain modu egokian eskaintzeagatik. Horri esker, bere nazioarteko arrastoa mantentzen ari da eta munduan jende gehiago interesatzen ari da Andoainekin eta Oviedorekin. Eskerrik asko datorren asteartean Andoainen egingo den mahai-inguruan parte hartzeagatik. Beti bezala, plazerra izango da berari buruz hitz egiten entzutea eta, ziur, azken aurkikuntza historikoekin harrituko gaituzula. Mesedez eskatzen dizugu gure esker ona helaraz diezaiozun klubari gure osabaren figura aldarrikatzen duzuen adoreagatik. Ezin dugu aipatu gabe utzi zuen azken ekarpena: Langarari buruzko dokumentazio-zentroa sortzea. Ekimen horren atzean maitasun handia dago, eta berreskuratze historikoari buruzko lan bikaina; gainera, badirudi oso harrera ona izaten ari dela. Zorionak zuen lanagatik!
Osabak munduko muga asko pasa zituen, taldean eta bakarka, hori egitea oso zaila zen garaietan. Espainia, Argentina, Txile, Mexiko… Berak hori dena apaltasunez eramaten zuen eta leku guztietan zituen lagunak. Arrastoa utzi zuen egon zen leku guztietan.

Baina etxean, Andoainen, gutako beste bat zen. Eroso, lasai bizitu zituen bere bizitzaren azken urteak gurekin Zumeako etxean. Goizeko paseoan Andoain luzea zeharkatzen zuen goitik behera pausu arinean bere betiko erropekin: mauka luzeko alkandora fin eta dotorea eta milrayas galtzak ondo lisatuta beti, eta tenis txuriak oinetan. Eguerdian gure amak sukaldatzen zuena mokadu batean bukatzen zuen eta ogi puska batekin platera garbitzen zuenean esaten zion: "Mari, vale más una vuelta por aquí que tres por el Zócalo!" (Zócalo, Mexiko DF ko plaza nagusia da…). Iluntze batzuetan, edo, asteburutan, Ontza elkartean lagunekin antolatzen zituzten bazkari eta afarietan ere asko gozatzen zuen. Bere bizitzaren amaiera Andoainen izatea nahi izan zuen eta hala izan zen. Zirkulua itxi zuen. Hemengo hilerrian dago lurperatuta eta orain bizirik mantenduko da, nolabait, zubia dela eta.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu denoi: gure osabaren izena duen zubi honi falta zitzaion kartela jartzea posible egin duzuen guztioi. Euskalduna futbol taldeari, Tolosa eta Euskaldunako beteranoei gaurko partiduagatik, Andoaingo udalbatzari, alkate den Andoni Alvarez Leteri, udaleko kirol arduradunari: Ixiar Olanori, eta artxiboko arduradunari: Karmele Otaegiri, eta gaur hemen, gurekin zaudeten guztioi. Osaba Isidro kiñuka ari zaigu nonbaitetik eta ziur gola sartuko digula! GOOOOL!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!